Euskararen Ginkanan parte hartzera animatu dute

Guaixe 2015eko urtarrilaren 27a

www.euskararenginkana.net web gunean dago informazio guztia

Kutxa Ekoguneak, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, Euskararen Ginkanaren 4. edizioa antolatu du, euskaraz eta euskararekin dibertitzeko. Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea. Aurtengo gai nagusia IKTak (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) eta ekologia izango da eta, beraz, taldeek gainditu beharreko probak eta galderak mundu digitalean euskarak eta ekologiak duen presentziari lotuak izango dira. Euskarak, hizkuntza gutxiagotua izanik ere, sarean duen presentzia ez da makala, nabigazio hizkuntzen artean euskarak 44. lekua baitauka mundu mailan.

Lehiaketa bi fasetan gauzatuko da: lehengoa otsailaren 19an hasi eta martxoaren 26an bukatuko da, eta www.euskararenginkana.net web gunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek. Bigarren fasea apirilaren 18ko final handia izango da, Donostiako Ekogunea parkean. Lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira.

Parte hartzeko
Parte-hartzea taldekakoa izango da, 4-6 laguneko taldeak, eta euskararen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babesten duen talde, elkarte edo eragile bat ordezkatu beharko dute. Izena ematea zabalik dago otsailaren 18ra arte www.euskararenginkana.net web gunean. Taldeek bideo bat aurkeztu beharko dute, euren burua eta babestu nahi duten euskararen aldeko egitasmoa aurkezteko. Lehen saria euskararen aldeko proiektu baterako 3.000 euro izanen dira.