2011ko udazkenean Sakanako Larrialdi Mahaiaren inguruan bildutakoen artean inork gutxik pentsatuko zuen hiru urteko epean gauden puntuan egongo ginenik, ibilbide oparoa jorratu eta gero. Langabeziaren igoerak batez ere bultzatu gintuen, Abian elkarteak gonbidatuta, mahaian esertzera. 2008-2013 bitartean langabetu kopurua 605tik 2008ra igo zen eta langabezia tasa % 7tik %26ra. Mahai horretan, besteak beste, alderdi politiko guztiak, sindikatu ia guztiak eta Sakanako Enpresari Elkartea bildu ziren, eta gehiengo zabal eta anitzak sei urratsezko bide-orria adostu zuen. Sei puntu horietarik hiru Sakanako eragileei zegozkien (garapenerako erakundea sortu, plan estrategikoa definitu eta gizarte ekintzailetasunerako plataformak sortu) eta beste hirurak Nafar Erakundeei (presazko industrializatze eremutzat izendatu, elkarlanerako marko egonkorra osatu eta aurrekontuz prozesua babestu).
Sakanako eragileen hiru eginbeharrekoak eginak daude. 2012. urtean gizarte-ekintzailetasuna eta garapena sustatzeko Sakantzen Sarea sortu zen. Urte berean Mankomunitateak Sakanako Garapen Agentzia (SGA) eratu zuen. Bailarako eragile instituzional, politiko, sindikal, enpresari eta sozial guztien hausnarketa gune bezala, Sakanako Behatoki Sozioekonomikoa lehen aldiz bildu zen 2013.ean, eta Plan Estrategikoaren lehentasunak, metodologia eta lan taldeak definitu zituen. Lau taldeetan 60 pertsonek urtebetez egindako proposamen eta gizartearen ekarpenen ondorio da Sakana2020 Plan Estrategikoa, 2014ko udaberrian aurkeztu zena. Plan honek, industria, energia, turismo, merkataritza, hezkuntza eta elikadura arloetan, 13 ardatz estrategiko, 54 jarduera-ildo eta 160 akzio ezberdin proposatzen ditu. Gainera eragile ezberdinen elkarlan eraginkorra antolatzeko gobernantza eredua finkatu du. Plan Estrategiko honek Sakanan inoiz izan den adostasun maila handiena lortu du, Aralar, Bildu, Geroa Bai, I-E, PSN, PP, UPN eta hautagaitzak independenteek onartu baitute udaletxeetako udalbatzetan.
Ekimen ugari dagoeneko abian dira. Horren adibide dira garapenerako Utzugane zentroa; Sakana mailako Merkatari Elkartea eta Turismo Elkartearen sorrera; industriako enpresen beharrak, berrikuntza, energia eraginkortasuna… ezagutzeko egiten ari diren banakako elkarrizketak; energia arloko enpresei akonpainamendua; langileek berreskuratu dituzten kooperatiba eta ekonomia sozialeko enpresak; energia berriztagarrien (biomasa, hidraulikoa eta eolikoa) potentzialtasunaren ikerketa; herrietako udal azpiegituren azterketa energetikoa; turismo arloan ontzigintzaren interpretazio zentroa, “Enneco, Haritzaren Memoria” parkea eta sortu berri diren enpresak; herrietako ferien berreskuraketa; zuraren inguruko ikerketak; ekintzailetasuna bultzatzeko SNEINN programa eta osagarriak; jatorrizko Done Jakue bidea berreskuratzeko lana; edota formazio ekimen anitzak. Lan dinamika honetan bi motor nagusi ditugu: Sakanako Garapen Agentzia eta Cederna-Garalur, eta esperientzia honetan eragile eta boluntario askoren arteko ahalegin, harreman estu, konfiantza, elkarlan, adostasun eta sinergiak ehuntzen ari dira.
Azken hiru urteotan egin dugun esfortzua izugarria izan da. Inork gutxik pentsatuko zuen hain denbora gutxian garapen esperientzia bat martxan jarri eta arrakastarako zutabeak eraikiko genituenik. Ez da nahikoa, ordea, urrunago iristeko, sakonkiago eragiteko eta abiadura azkartzeko baliabideak eta Nafar Gobernuaren inplikazioa ezinbestekoa zaizkigulako.
Gogora ekar dezagun dinamika hau bultzatu duten erakundeek, Mankomunitateak eta Udaletxeek alegia, legediaren arabera ia ez dutela eskuduntzarik garapen ekonomikoaren sustapenean (turismoan eta lehen sektoreak bigarren mailako eskuduntzak baino ez) eta ondorioz, baliabideak esleituta ere ez. Gaur egun bailarako Udaletxe asko itota daude, eta hala ere, 165.000 € bideratu diote garapen estrategia honi, hiruzpalau garapen dinamizatzaileen kontratazioa sostengatuz.
Ez da nahikoa ordea. Aldera ditzagun datu hauek inguruko beste esperientzia batzuekin. Tafallaldeako “Consorcio de Desarrollo de la Zona Media”-k 1.203.302 €-ko aurrekontua du aurten, 11 langile eta Udaletxeek 115.381 € bideratzen diote. Urola Garaiko Garapen Agentziak 857.430 €-ko aurrekontua du, 8 langile eta Udalen ekarpena 208.000 € da. Goierriko GOIEKI garapen agentziaren aurrekontua 1.200.000 €, 12 langile eta Udaletxeen ekarpena 400.000 € ingurukoa. Agerian geratzen da garapen ekonomikoa bultzatzeko ardura bere gain hartu duten eskualdeetako Garapen Agentzietan baliabide gehienak autonomia edo foru mailako erakundeetatik datozela, ez udaletxeetatik. Horregatik da ezinbestekoa Nafar Gobernuaren inplikazioa.
Inplikazio horren beharra 2011.eko Larrialdi Mahaian adostuta zegoen, hitzez hitz zera eskatzen zen: “Lankidetza egonkorra Nafarroako Gobernua, Sakanako Mankomunitatea eta eskualdeko garapen ekonomiko eta sozialerako sortuko den entitatearen artean. Lankidetza hori hitzarmen batean gauzatuko da edota bailararako plan berezitua egingo da (Pirinioak garatzeko egin den plan estrategikoaren gisakoa)”. Horixe bera da orain Sakanako gizarteari eta eragile guztioi eskatzea dagokiguna, premiazko egoeran gaudelako, soluzioetan arrakasta lortzeko arkitektura eraikia badugulako, eta Nafar Gobernuarenak direlako eskuduntzak eta baliabideak.
Erreferentzia gisa balio dezaketen bi adibide: Tuterako Nekazaritza Elikagaien Hiriak 120 milioitako aurrekontua zuen, eta Pirinioetako Garapen Planaren bitartez Nafar Gobernuak 336 milioi bideratu zituen 2007-2010 bitartean. Guk aurrekontu horren % 10a baino gutxiagorekin, 20-30 milioi datozen sei urteetan alegia, nahikoa izango genuke lan eraginkor eta arrakastatsua egiteko. Nafar herritarrak garen heinean, egoera oso larria eta kronikoa dugun heinean, Nafar Gobernuaren babesa eta laguntza behar dugu. Nafar Parlamentuak aho batez Sakanan bideratu dugun prozesua babestu eta Nafar Gobernuaren inplikazioa eskatu du. Bestaldetik, bailarako Mankomunitateak eta Udaletxeek Gobernuaren negoziatzea eskatu dute. Inplikazio hori gauzatzeko lankidetzaren formula eraginkorrena, hitzarmen singular edo Sakanarako plan berezitu bat izan behar lukeela uste dugu. Sakanak bere etxeko lanak egin ditu eta bere konpromisoa gauzatzen ari da. Nafar Gobernuaren txanda da.
Iritzi artikuluaren sustatzaileak:
• Joseba Mikel Garmendia Albarracin (UPVko irakaslea)
• Mª Eugenia Ijurra Araña (Kooperatibista); Etxarri-Aranatz
• Juan Cruz Bengoetxea Saez de Maturana (Kooperatibista)
• Ioana Ijurko Risco (Toki administrazioko langilea); Uharte Arakil
• Mikel Balda Sanjuan (Irakaslea); Irurtzun
• Irene Checa Orobengoa (Ekonomilaria); Altsasu
• Naiara Ijurko Risco (Musikaria); Uharte Arakil
• Mikeldi Diez Aldama (Abian elkarteko kidea); Altsasu
• Ainhoa Gurutxarri Senar (Langilea); Lizarraga-Ergoiena
• Ernesto Leiza Urrestarazu (Langilea); Bakaiku
• Jesús Tobar Arratíbel (Langabetua); Altsasu
• Josu Unamuno Asarta (Enpresaria); Altsasu
• Oihana Gallo San Roman (Berdintasun teknikaria); Urdiain
• Patxi Goikoetxea Askorbe (Jubilatua); Altsasu
• Jon Etxeberria Ijurra (Ekintzailea); Etxarri Aranatz
• Ane Miren Iruretagoiena Aldazabal (Lakuntzako eskolako publikoko zuzendari); Lakuntza
• Izaskun Bengoetxea Delgado (Langabetua); Irañeta
• Erkuden Flores Mazkiaran (Irakaslea); Altsasu
• Alberto Anton Reparaz (Soldadorea); Altsasu
• Maria Luisa Mazkiaran Guridi (Jubilatua); Altsasu
• Ana Mercedes Mazkiaran Guridi (Etxeko andrea); Altsasu
• Itziar Flores Mazkiaran (Irakaslea); Altsasu
• Mikel Goikoetxea Zubelzu (Langilea); Altsasu
• Arantza Ibargoien Lizarazu (Sindikalista); Lakuntza
• Juan Flores Lakuntza (Igeltxeroa); Altsasu