D eredua, eskertuko dizute

Guaixe 2015ko urt. 29a, 15:57

Nafarroako makina bat toki erakundek, Sakanako Mankomunitatea barne, D ereduan matrikulatzearen aldeko kanpaina abiarazi du.

Kalitatezkoa, konfiantzazkoa eta hurbilekoa. Horixe da euskarazko irakaskuntza D ereduaren aldeko kanpaina sustatu duten Nafarroako toki erakundeendako. D ereduak “30 urte baino gehiagoko eskarmentua” duela nabarmendu dute euskara zerbitzuetatik, gaineratuz Nafarroako berezko bi hizkuntzak eta atzerrikoa ikasteko aukera ematen duela.

Euskara “arlo pertsonalean eta profesionalean aberastasun” ekarpena dela gaineratu dute. Hain zuzen ere, toki erakundeek aurtengo kanpainaren protagonista familia bat, Sada-Murugarren, bilakatu dute. Gurasoek garai batean euskararen aldeko hautua egin izana eskertzen duten seme-alabak ageri da kanpainako euskarrietan, eta hortik kanpainaren leloa: eskertuko dizute.

Kartel eta esku-orriez aparte, hiru urteko seme-alabak dituzten gurasoei D ereduan matrikulatzeko gonbitea eginez gutuna bidaliko diete toki erakundeek. Aldi berean, mezua bideo bidez ere zabaldu dute.