Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza ordu batzuez ikasgela bihurtu zen aurreko ostiralean. Bertako langileak Tramita izeneko web tresnaren erabileran trebatzeko saioa izan zuten. Izan ere, Egues ibarrekoarekin batera Burunda mendebaldekoa izan da Tramita web tresna probatzeko programa pilotuan sartu diren bi mankomunitateak.
Erkuden Imazek azaldu digunez, “tresna berri horren bidez Gizarte Inklusio Errenta, aparteko laguntza eta dependentziarako laguntza eskaeren izapidetzeak telematikoki eginen ditugu. Azkartasunean eta segurtasunean irabaziko dugu”. Hala, beharrezko datuak bete ondoren, Altsasuko bulegoko ordenagailuetan Enter tekla sakatuta ordu eta data hori erregistro data gisa azalduko da Ongizate Departamentuan. Hala espedienteei erantzuna emateko epeak murriztuko dira.
Departamentuak Nafarroako gizarte zerbitzuetako hiru boluntario eskatu zituen web tresna prestatzeko. Urte batez Imaz lantalde horretako kide izan da. Han web tresnaren ezaugarriak eta arlo teknikoan izan behar zituen aspektuak zehaztu zituzten. Lan bileretan parte hartu izanaren aitortza gisa Burunda mendebaldeko mankomunitatea programa pilotuan parte hartzeko aukeratua izan da. Aukeratuak izatea “pozik” hartu dute Labadero eraikinean aritzen diren langileek.