Binakakoa. 8. jardunaldia
Berasaluze-Zubieta / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 22:00etan, Urdulizen. ETB1)
Urrutikoetxea-Beroiz / Artola-Albisu (larunbatean, 17:30ean, Labriten)
Oinatz-Aretxabaleta / Retegi Bi-Rezusta (igandean,18:00etan, Tafallan)
Irujo-Barriola / Xala-Merino II (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Sailkapena
1.Ezkurdia-Zabaleta: 7 puntu
2.Berasaluze-Zubieta: 5 puntu
3.Artola-Albisu: 4 puntu
4.Irujo-Barriola: 4 puntu
5.Oinatz-Aretxabaleta: 3 puntu
6.Xala-Merino II: 2 puntu
7.Retegi Bi-Rezusta: 2 puntu
8.Olaizola II-Beroiz: 1 puntu
Ongi doazkie gauzak sakandarrei Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxkan. Ezkurdiak eta Zabaletak jarraitzen dute buruan, orain arte jokatutako zazpi partidetatik guztiak irabazi baitituzte (7 puntu), eta finalerdietan hanka t´erdia sartua dute. Berasaluzerekin bikoa osatzen duen Aitor Zubietak ere kontentu egoteko arrazoi asko ditu, sailkapenak bigarrenak baitira, orain arte 5 garaipen bildu dituztelako (5 puntu). Eta atzetik indartsu datoz Artola-Albisu eta Irujo-Barriola, biak launa punturekin. Irujok gainontzeko pilotariak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen Bilbon.
Ezkurdia-Zabaleta, huts egin gabe
Ezkurdiak eta Zabaletak txapelketan huts egin gabe jarraitzen dute. Larunbatean, Idiazabalen, Altuna III.aren eta Merino II.aren gainetik pasa ziren eta 9 tantotan utzi zituzten. Lau pilotariak ez ziren fin hasi eta zenbait akats egin zituzten. Altunak egindako hiru tanto ederrei esker, 5-7 aurreratu ziren Altuna eta Merino, baina Zabaleta atzean agintzen hasi zen, Ezkurdia aukerak izaten hasi zen eta arbizuarrak ez zuen barkatu: 10 tanto egin zituen segidan eta partida euren aldera bideratu zuen. Ezkurdiaren aginduetara aritu ziren gainontzekoak eta bera izan zen partidako onena. Guztira 14 tanto egin zituen, horietako bi saketik.
Zubieta partidako onena
Berasaluzek eta Zubietak puntu garrantzitsua lortu zuten Markinan, Oinatz Bengoetxearen eta Aretxabaletaren kontra partida oso gogorrean irabazi eta gero (22-17). Partidaren gakoa atzeko koadroetan Aitor Zubietak izandako nagusitasunean egon zen. Nahiz eta Aretxabaletak etxean jokatu eta sufritzen jakin, etxarriarra nagusi izan zen piloteoan. Horrek lana erraztu zion Pablito Berasaluzeri, eta bereziki gantxoarekin min handia egin zien bizkaitarrak Oinatzi eta Aretxabaletari. Hasieratik aurreratu ziren Berasaluze eta Zubieta 5-1, eta nahiz eta Oinatz eta Aretxabaleta 8-6ra gerturatu, tanto luze eta gogorretan lan handia eginez nagusituz joan ziren Berasaluze eta Zubieta. Pilota aldatu eta arriskatzea erabaki zuten arerioek eta emozioa bueltatu zen frontoira. 21-17 gerturatu ziren, baina, azkenean, 22-17 gailendu ziren partida bikaina egin zuen Zubietak eta Berasaluzek.
Orain elkarren kontra
Asteburuan hasierako ligaxkako bigarren itzuliari ekingo zaio. Ostiralean sakandarrak elkarren kontra ariko dira lehian Urdulizen, Berasaluzek eta Zubietak zain baitituzte Ezkurdia eta Zabaleta. Orain arte erakutsitako mailarekin akaso Ezkurdia eta Zabaleta dira faboritoagoak, dena irabazi baitute, baina Berasaluze eta Zubieta bikote sendoa dira, sailkapenean bigarrenak eta azkeneko garaipenen ondotik animuz goian daudenak. Hortaz, partida lehiatu eta gogorra espero da, sakandarren arteko derbia, finean.