Ostiralean Etxarri Aranazko meteorologia estazioan metro karratuko 95.6 litro zenbatu ziren. Botatako ur guztia lurrak ezin xurgatu eta larre eta soroak putzu bihurtu ziren. Ordu baterako Arakil ibaia eta hainbat erreka gainezka egitekotan ziren. Eta euriak segitu zuenez hala gertatu zen. Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, Arakil ibaiak 27 urtetan izan duen emari handiena izan zen, Argarekin bat egitean haren maila asko handitu zuen.
Ubeldeak gainezka egin eta Ziordian, Arruazun edo Errotzen herrira iritsi zen ura. Bestalde, zenbait abeltzainek urak estalitako larretan zituzten buruak askatzera joan behar izan zuten. Ibai kontrako baratzeetako etxolak kaltetu eta haietako zenbaitetan zeuden abereak hil ditu uholdeak.
Errepideak
Atzo, eguerdi partean, Leitzarango autobia (A-15) Gipuzkoarako norabidean itxita zegoen eta Sakanarako noranzkoan kateak behar ziren. Autobia bera garbitzeko kamioiei pasa debekatu zitzaien 15:40 aldera. 16:00etan trafiko guztiari itxia zegoen autobia. Ordu erdi geroago Gipuzkoatik Nafarroarako bidea zabaldu zuten. Aldi berean, Gipuzkoan izan zen luizi bategatik Iparraldeko Autobia (A-1) itxita egon zen eta Gipuzkoarako trafikoa Sakanan barna Iruñera bideratu zuten handik Behobiara joateko. Gipuzkoarako bi autobiak tarteka itxita egon ziren eta erretenzioak sortu ziren.
Ostiralean, 15:00etan itxi zuten Arbizu eta Lizarragabengoa arteko errepidea. Lakuntza eta Arruazu arteko errepidea, ordea, 16:30ean itxi zuten trafikora. Autobiatik Uhartetik Arruazurako irteera ere itxita egon zen uholdeagatik.