Ilbeltzaren 17an Nafarroako Automobilismo Federazioak 2014ko Nafarroako Automobilismo Txapelketen sari ematea egin zuen Pamplona Catedral Hoteleko “La Capilla” aretoan. Bertan izan ziren Nafarroako Automobilismo Federazioko presidente Nacho Calvo, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendariorde Pedro Arozarena, Euskadiko Automobilismo Federazioko presidente Angel Gurrutxaga eta RACVN eta motorraren munduko beste hainbat ordezkari.
Nafarroan antolatutako Automobilismo Lasterketa eta Txapelketa guztietako pilotu, kopilotu eta eskuderia onenak saritu ziren, eta antolakuntzak guztira 48 sari banatu zituen. Tartean 3 sari etorri ziren Sakanara. Javier Goikoetxea olaztiarrak Nafarroako Rally Txapelketako 2. kopilotu onenaren saria jaso zuen, eta Arkaitz Irigoien bakaikoarrak Nafarroako Rallye txapelketako Formula libreko 3. pilotu onenaren saria.
Bukatzeko, Iban Lopezek sari berezia jaso zuen: Ford Focus Koparen barruan “irudiaren saria” eman zioten pilotu olaztiarrari, autoa txukun izan eta autoaren eta taldearen irudi bikaina emateagatik. Ford Focus Kopak 5 lasterketa zituen eta olaztiarrak lautan hartu zuen parte.