Langabeziak behera egin du Altsasuko bulegoan

Guaixe 2015eko otsailaren 4a

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) jakinarazi zuenez, ilbeltzean abenduan baino 25 langabe gutxiago zeuden Altsasuko enplegu bulegoan, %1,72 gutxiago. Guztira, 1.427 pertsona dira lan bila dabiltzanak. Ibarreko datu osoa jakiteko Iruñeko zabalguneko bulegora doazen irurtzundarren eta arakildarren datua falta da. Bestalde, NEZen arabera, Altsasuko bulegoan ilbeltzean 614 kontratu sinatu ziren eta haietatik 41 besterik ez ziren mugagabeak izan.  

Nafarroari dagokionez, 1.642 langabe gehiagok izena eman zuten NEZ-en, %3,44ko hazkundea. Hala, hilaren akaberan 49.428 nafar ziren lan bila zebiltzanak. Joan den urteko ilbeltzarekin alderatuta 3.735 langabe gutxiago daude (%7,03 gutxiago). Sexuaren arabera, 26.193 emakumezko daude lanik gabe, eta 23.235 gizonezko.

Mª Isabel Garcia Malok, NEZko zuzendari-gerenteak esan duenez, penaz hartu du langabeziak gora egitea. Hala ere, aurreko urteetako ilbeltzetan ere eguberritako kanpainaren akaberagatik igoerak izan direla gaztigatu du. Urte-arteko datuari erreparatu nahi izan dio Garcia Malok: “16. hilabetez jarraian jaitsi da langabezia”.