Goi tentsioko hiru argindar linea

Guaixe 2015ko ots. 5a, 19:06
Mendi martxa batean argindar linearen proiektuaren nondik norakoak bertatik beratara azaltzen.

Egungo biez aparte, hirugarren batek zeharkatuko luke Sakana Energia Ministerioaren proposamenaren arabera.

Industria Ministerioko Energia Estatu Idazkaritzak abenduan Energia plangintza. 2015-2020 energia elektrikoa garraiatzeko sarearen garapen plana publikatu zuen. Autopista Elektrikorik Ez plataformak jakinarazi duenez, plan horretan jaso denez egun Sakanan dauden 220 kV-eko bi lineak birpotentziatuko lituzkete. Eta 400 kV-eko beste linea bat eraikiko litzateke. Azken horrrek, aurrekoek bezala, Deikaztelu eta Itsaso lotuko lituzke.

Plataformako kideek atzo egindako prentsaurrekoan adierazi zutenez, “gaur egun dauden bi lineekin Nafarroako eta Gipuzkoako beharrak bete nahi dituzte eta argindar linea berria argindarra Frantziara garraiatzeko erabiliko lukete”. Azpiegituraren kontrako plataformak, beraz, hasieratik zioena berretsia ikusi du agirian: “Oligopolio elektrikoaren politika megalomanoak sortarazitako argindar soberakinak Frantziara eramateko autopista elektriko bat behar dute”. Estatuko energia sistema kritikatu zuten: “instalatua dagoen potentziak elektrizitate eskaera gehien dagoen unekoa bikoizten du”.

Plataformako kideek gogora ekarri dute abenduan bi estatuetako ordezkariek egindako bileran Hego Euskal Herria eta Bordeleko linea bat aipatu zutela. Hasiera batean Kantauri itsasoan jarri nahi zuten ur azpiko kablearen alternatiba litzatekeela diote plataformatik.

Plataformako kideak Nafarroako Parlamentuaren Industria Batzordean urgentziaz agerraldia egiteko eskaera egin dute. “Planifikazioari ekarpenak egiteko epea martxoaren 3an bukatzen da. Baina toki erakundeak prozeduratik baztertuta gaude. Horregatik, Parlamentuari proposatuko diogu Nafarroako Gobernuak bere egin ditzala linearen kontrako gure argudioak eta eskaerak eta Ministerioari aurkez diezaizkiola”. Lagungarri izan dadin, txosten tekniko bat egiteko asmoa azaldu du plataformak. Makina bat udal eta kontzejuk, hautetsik eta herritarrek argindar linearen kontra daudela nabarmendu dute.

Kontzentrazioa
Otsailaren 21ean, larunbatean, 12:00etan, Iruñeko Karlos III.a kalean, Nafarroako Gobernuaren egoitza parean. Leloa: Goi tentsioko linearik ez. Ate birakaririk ez.