Mapa soziolinguistiko batek hizkuntza baten osasun egoeraren argazki zehatza ematen du. Aparteko lan tresna da euskara zerbitzuetako teknikari, euskara elkarte eta hizkuntzaren normalizazioan lan egiten duten bestelako eragile euskaltzaleren eskutan. Nafarroan 2011n egin zen azken mapa soziolinguistikoa. Oraindik ez da haren aurkezpen ofizialik egin. Baina Jose Iribas hezkuntza kontseilariak bitan eman ditu inkestaren emaitza batzuk. Bietan ere Euskararen Legearen aldaketaren kontra azaltzeko. Izan ere, heldu den ostegunean Nafarroako Parlamentuan D eredua Nafarroa guztira zabaldu edo ez bozkatuko du.
Iribasek mapa soziolinguistikoaz egin duen erabilera partzial horrek dokumentuan jasotako emaitza zehatzen berri ez izatea ekarri du. Hala ere, asteartean aurreratu zuen zirriborroak hainbat datu esanguratsu dituel. Euskararen garapena Nafarroan mantsotu egin da. Ezagutzak gora egin badu ere, erabilerarekin ez da halakorik gertatzen.
Eremu euskalduneko datuak
1991n eremu horretan bizi ginen biztanleen %60,18k ezagutzen zuen euskara. Hamarkada bat geroago 1,27 hazi zen kopurua baina 2011ko inkestan %58,2koa da ezagutza. Lehen inkestan baino 1,98 puntu txikiagoa. Euskara ulertu bai baina hitz egiten ez dutenen kopurua bi hamarkadetan % 9,05etik %13,05era pasa da, lau puntu gora. Inkesten arteko azken hamarkadan euskara ez dakitenen kopurua 2,18 igo da, % 27,04an kokatuz.
Adinari dagokionez, 34 urte bitarteko adin tarteetan aurreko inkestetan baina ehuneko handiagoak daude. Baina adinean aurrera egin ahala euskararen ezagutzak behera egiten du 1991koarekin alderatuta, 35 urtetik aurrera biztanleriaren erdia edo soilik baita euskalduna. Generoari erreparatuta, eremu euskalduneko hamar emakumezkoen eta gizonezkoen ia %60a euskaldunak dira. Erdaldunak, berriz, herena baino pixka bat gutxiago.
Haurren ama hizkuntzari dagokionez, 1991n euskara %54,73rena zen eta 20 urteren bueltan %42,74rena. Bi hizkuntzetan hazitako haurren kopurua %6,11tik %10,25era pasa da. Eremu euskaldunean euskara edo gaztelania ez den beste ama hizkuntza batean bizi diren haurrak %0,64tik %4,19ra pasa dira.
Eremu euskalduneko etxeen ia erditan (%47,54) gaztelaniaz hitz egiten da. 20 urtean 5,08 puntu igo da. Eta nagusi da adin tarte guztietan. 2011n euskaraz etxeen %33,56an aritzen ziren soilik. Bietan %13,28an aritzen ziren. 
Nafarroako Gobernuak aurreratutako ehunekoen datuek udalerrien artean hiru erritmo erakusten dituzte: aurrera egiten dutenak, mantendu egiten direnak eta atzera egiten dutenak. Euskararen ezagutzak eta, beraz, elebitasunak aurrera egin duen udalerrietan ehunekoa hobetzeko tarte handia zutenak izan dira: Arakil, Irurtzun, Altsasu eta Olatzagutia.
Bi hamarkadetan euskararen ezagutzaren ehuneko bera mantendu duten herrien hiru talde daude. Batetik, Ergoiena, non populazioaren %80k baino gehiagok ezagutzen duen euskara eta 20 urtetan ez den aldaketarik eman. Bestetik, biztanleriaren %50 eta %80 artean euskara ezagutzen duten herriak (Lakuntza eta Etxarri Aranatz). Eta, azkenik, %20 eta %49,9 arteko ezagutza dutenak (Irañeta, Uharte Arakil eta Iturmendi).
Euskararen ezagutzaren ehunekoak behera egin duen herrien kasuak bitan banatzen dira. Alde batean daude %80ko ezagutza baino gehiago zuten herriek, herri euskaldunek, 2011ko inkestan maila bat behera jaitsi eta %50 eta %80 artean kokatu direnak; Arruazu, Arbizu eta Urdiain hain zuzen ere. Beste aldean Ziordia dago. Euskararen ezagutzak 2001ean gora egin eta %20 eta %49,9 artean kokatu arte. Baina azken inkestan ezagutzak behera egin du eta 1991ko datuetara bueltatu da (%10-19,9 artean). 
Ezagutza tarte guztietan eman dira aldaketak 20 urteak kontuan hartuta. Sakanako herri euskaldunetako (%80 baino gehiago euskaraduna) pisuak 10 puntu behera egin du, % 2.03an geldituz. Ezagutzaren % 50 eta % 80 artean duten herrietako biztanleria handitu egin da herri euskaldunetan ezagutza galdu egin delako. Bestalde, ezagutzaren % 20 eta % 50 artean duten herrietako biztanleriak izugarrizko gorakada izan du, 61,77 puntu eta 12.980 pertsona gehiago bi hamarkadetan. Tamaina berean jaitsi da %20ko ezagutza ez duten herrietako populazioaren pisua, 59,94 puntu eta 11.196 sakandar gutxiago.
Euskarabideatik ohartarazi dute azken azterketa egiteko ez dutela aurrekoetan bezala zentsu osoa kontuan hartu, lagin bat baizik. Horrek aldaketak ekarri edo akatserako tarte handiagoa ematen du eta, horregatik, herri txikietako datuak ez ematea erabaki dute. Euskarabidean Ziordiaren adibidea jarri digute, “% 19aren mugan dago, zentsua guztia hartu izan balitz agian beste multzoan legoke”