Azanzaren Euskadi-EDP taldea aurkeztu dute

Guaixe 2015eko otsailaren 10a

19 txirrindulari izango ditu, amateur mailan lehiatuko da eta ostiralean aurkeztu zuen bere burua taldeak, Bilboko Guggenheim Museoan

Migel Madariagaren Euskadi Fundazioa 21 urte elitean egon ondoren, aurten elite mailan eta 23 urtez azpiko afizionatuen mailan lehiatuko da Fundacion Euskadi-EDP taldea. Helburua atzera pausu bat ematea da, segituan aurrera bi pausu eman eta 2017rako kategoria profesionalera heltzeko. Amateur taldean 19 txirrindulari ariko dira Gorka Gerrikagoitia eta Jorge Azanza zuzendarien esanetara. Horrela, bere ibilbide berria prentsa aurrean aurkezteko aukera izan zuen Euskalteleko txirrindulari ohi altsasuarrak. Aurkezpena ostiralean burutu zen Bilboko Guggenheim Museoan, Juan Mari Guajardok eta Arritxu Iribarrek aurkeztuta. Ibilbide berriarekin kontentu dago Azanza. "Aurre denboraldiko lana bukatzear dugu eta asteburuan Frantzian debutatzeko gogo izugarriekin nago. Taldea batuta dago, hasieratik dena emateko prest" nabarmendu du Azanzak sare sozialetan.

Atzera egin gero aurrera egin ahal izateko
“Pausu bat atzera eman dugu eta espero dugu bi urtetan bi pausu aurrera egin ahal izatea. Euskadin kontinental mailako bi talde eta talde kontinental profesionala egotea beharrezkoa da. Ea zortea alde dugun, krisia despeditzen da eta Euskadi Fundazioaren aldeko borondate gehiago dagoen, bi urtetan horren gaizki dagoen euskal txirrindularitza salbatzeko. Espero dezagun beste enpresa eta instituzioak erakartzea” adierazi zuen Euskadi Fundazioko Migel Madariaga managerrak.

Proiektu berritzailea
Talde kontinentalak 500.000 euroko aurrekontua zuen eta Euskadi Fundazioak aurten egitasmoa alde batera uztea erabaki du, talde amateurrean aritzeko. 350.000 euroko aurrekontua izango du. “Euskadi Fundazioak oinarri oso sendoa du, bizirik dago eta momentuz afizionatuetan ariko gara. Hala ere, gure proiektua berritzailea eta ezberdina izango da. Txirrindulariak trebatuko ditugu, profesionaletara ongi trebatuta pasatzeko. Horretarako Gorka Gerirkagoitia, Jorge Azanza, Iñaki Isasi eta halako jendea behar duzu, txirrindulari bakoitza zein lasterketetara eraman ongi jakingo dutenak, profesionaletara pasatzen direnean nora doazen eta zertara, eurengandik ongi ikasia izango dutenak”.
Euskadi-EDP taldeak Frantzia eta Espainiako estatuetako eta Portugaleko hainbat itzulitan ariko da, Euskal Herriko afizionatuen egutegiko probetaz gain. Espainiako Kopan parte hartuko du.

Euskadi-EDP
Txirrindulariak: Illart Zuazubiskar, Mikel Aristi, Mikel Iturria, Egoitz Fernandez, Ander Plazaola, Iosu Angoitia, Ander Etxebarria, Oscar Gonzalez, Jon Irisarri, Francisco Javier Martin, Eder Saez de Ocariz, Xabier San Sebastian, Mikel Alonso, Ibai Azurmendi, Marc Buades, Yeray Domingez, Gotzon Martín, Paul Ormaetxea eta Cyril Barthe.
Zuzendariak: Gorka Gerrikagoitia eta Jorge Azanza.