Gaurkoan ez dugu berez gai sozioekonomiko bati buruz hitz egingo. Jai eta herritarren arteko loturaz egingo dugu hausnarketa. Nahiz eta ez izan printzipioz bateragarriak aisialdia eta elkartasuna, gure herrietan adibide ugari aurkitu ditzakegu bi kontzeptu hauek elkarturik agertzen direnak. Euskararen aldeko topaketak, edozein ezbeharri aurre egiteko herritarrek antolaturiko jaialdiak edota mota guztietako herri mugimenduek beren behar ekonomikoei aurre egiteko prestaturiko jai-gune eta txosnak dira honen adibide garbia.
Baina ez dugu bide horretatik ere gaia jorratu nahi. Gaur orokortasunean ibiliko gara, pertsona guztiek aisialdirako eskubidea dutela aldarrikatu nahi dugu. Gaur egungo gizartearen arazoetariko bat, asko ditu, zera da, pertsonek ez dute beren aisialdirako denbora gehiegirik eta gainera, aisialdiak eta kontsumoak oso harreman estua dutela sinestarazi nahi izan digute. Aisialdiaren barruan herriak antolaturiko jaiek berebiziko garrantzia dute gure herrietan. Nahiz eta azken urteetan nolabaiteko gainbehera izan. (kontsumo gutxiago ≠ jai tristeagoak ekuazioa), zenbait kolektibo parte-hartzearen bitartez jai herrikoiak suspertzeko lanetan dabiltza. Herriak antolaturiko jaiak herriarentzat direla sinesten dugu eta aisialdi horrekin guztiz bat gatoz.
Kontua da, orain dela aste batzuk, Altsasuko jai batzordeak proposamen bat egin ziola udalari herriko jaiak asteburuarekin bat egiteko, aurten igandetik ostegunera izan beharko bailirateke egutegia errespetatuz gero. Badirudi proposamena herritar guztien artean erabaki beharko dela eta guk geure iritzia eman nahi dugu.
Azken urteetan, langabeziatik atera diren pertsona asko eta asko bere herritik kanpo lan egitera behartu ditu, gehienetan oso egoera kaxkarretan eta eskubide murrizketa ugarirekin. Guretzat krisialdiaren beste eraginetako bat hori da, migrazio lokala deitu genezakeena. Dagoeneko lan gehienek ez dute erlaziorik langilearen bizitokiarekin eta horrek deslokalizazio pertsonalaren arriskua dakar. Laburbilduz, gu herritarrek prestatutako jaiak herritarrek goxatu behar dituztela uste dugu eta horregatik biztanleriaren elkartasunera jotzen dugu balore hau tradizioaren gainetik dagoelako.