Nafarroako Gobernuak Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeendako diru-laguntzak onartu zituen asteazkenean. 5,5 milioi bideratu ditu 0 eta 3 urte bitarteko haurrak hartzen dituzten herrialdeko 81 ikastetxeei. Sakanan lau udalen hiru ikastetxek jaso dute laguntza, guztira 127.791 euro. Dirua jasotzeko Hezkuntza Departamentuak ikastetxe bakoitzeko udal titularrarekin hitzarmen bana sinatuko du. Haur eskolen finantzaketa udalen eta familien ekarpenarekin osatzen da.
Aurreko urteko apirilean, ikasturtearen erdia pasa denean eta udal askok urteko aurrekontuak itxita edo ixtear zituztenean, Hezkuntza Departamenduaren jakinarazpena jaso zuten. Haur eskoletarako hitz emandako diru-laguntzaren %30 ez zuela ordainduko jakinarazi zien, dirurik ez zuelako. Gobernuak zegokiona ez ordaintzeak udalen bizkar gastu bat gehiago jarri zuen. Aurten halakorik ez pasatzea espero dute.
Herria Ikastetxea Unitateak Diru-laguntza
Uharte Arakil Pausoka 1 unitate 31.712
Arbizu/Lakuntza Kattuka 5 unitate 54.855
Altsasu Txirinbulo 3 unitate 41.224