Azken bi jardunaldiak garaipenik gabe egon ondoren, liderrak puntuak biltzearen premia zuen eta atzo 3 puntu baliotsu lortu zituen etxean, San Jorgeri 3-0 irabazi eta gero. Etxarrik ongi jokatu zuen eta baloia gustura eta erraz mugitzen jakin zuen. Lehen zatian dominatu zuen Etxarrik eta atsedenaldira Asierrek eta Ruedak sartutako bi goleko errentarekin joan zen. Bigarren zatian itxura berarekin jarraitu zuen partidak, Etxarri erasoan aritu zelako. Berehala hirugarren gola sartu zuen Mikelek eta liderrak ez zion apenas aukerarik eman San Jorgeri.
Bestalde, Dantzalekun jokatutako lehian Altsasuk eta Ardoik hiruna berdindu zuten. Bi taldeak parez-pare aritu ziren. Hasieran Altsasu finago ibili zen eta Javi Fernandezek talde gorritxoa aurreratu zuen. Baina Zizurkoek ongi erantzun zuten, Altsasuren atea erasotzen hasi ziren eta atsedenaldirako 1-2 aurreratzea lortu zuten. Bigarren zatian Zizurkoen hirugarren gola iritsi zen eta partida hankaz gora jarri zitzaion Altsasuri, arbitroak Altsasu taldeko atezaina kanporatu baitzuen. Gainera, aldeko penalty bat huts egin zuten altsasuarrek. Baina gorritxoek ez zuten etsi eta Darlingek 2-3 gerturatzea lortu zuen. Arbitroak Ardoi jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen eta partida bukatzear zegoaela hirura berdintzea lortu zuen Berastegik. Garaipen zaporea zuen berdinketa lortu zuen Altsasuk.
Sailkapen orokorrean Etxarri liderrak (47 puntu) 7 puntu ateratzen dizkio Arrotxapeari. Altsasu 5.a da, 32 punturekin.