Gero eta gutxiago falta da 19. Korrika hasteko. Jai giroan euskara indartzea, eta esfortzu fisikoarekin euskararen beharra eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzeko modu polita da. Jende piloa mugitzen du eta bat egiten dute pertsona, instituzio eta kolektibo askok. Aurtengo Korrikak euskAHALDUNtzeko gonbitea egin digu honako galderak luzatuz: ezagutzen al ditugu gure ahalmenak? Ba al dakigu zer egiten eta eragiten ahal dugun?
Euskaraz bizitzeko aukera eta eskubidea mugatuta dugun testuinguru honetan, aukeraketa hori areagotzeko gaitasun gehiago izatea eta aurkitzen ditugun oztopoei konponbidea bilatzea esan nahi du AHALDUNtzeak. Euskaraz bizitzeko aukerak gehiagotzeko norbere gaitasunez jabetzea eta horiek erabiltzeko trebetasuna garatzea, alegia.
Gure inguruan aldaketa positiboak eragiteko pertsonak dugun AHALMENaz jabetu. Euskaldun gisa gure duintasuna indarberritu eta protagonismoa indartu, euskaraz bizitzeko aukerak ugaldu. Hori da euskAHALDUNtzea.
AHALDUNtzearen ondorioak edo dimentsio praktikoa dira zailtasunen aurrean ez uzkurtzea, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi eta horretan sakontzea, erronka eta helburu berriei aurre egin eta norberarengandik sortzen den gaitasuna determinazioz erabiltzea.
Behar beharrezkoa da euskaldunok AHALDUNtzea, euskaraz bizitzeko egokiera biziagotzeko eta hizkuntzagatiko diskriminazioak sortzen dizkigun oztopoei aurre egiteko.
Jakin badakigu, euskaraz bizitzeko eta Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta hori erabili behar dugula.
Korrikak gogoan sortzen duen zirrara, begietan eragiten duen dirdira eta hanketan ekartzen duen ezinegona euskaldunok gure AHALMENaren indarraz jabetzeko eta norberaren gaitasunaz kontzientzia hartzeko izan dadila. Euskaraz bizitzea sentimendu ez ezik, bizimodu bihur dadin.