Artisten txanda pasa birtuala

Guaixe 2015eko otsailaren 20a

Olatz Aldasoro. Argazkia: Artxiboa.

Sortzaile batetik bestera txanda pasatzen ari dira Facebook sare sozialean. Egile batek beste bati erronka luzatzen dio: bost egunez egunero bere obra bat igo behar du bere profilera eta, aldi berean, beste sortzaile batzuei hurrengo asterako txanda pasatzea proposatzen du.

Katea Sakanara iritsi da ere. Duela hilabete inguru Uharte Arakilgo Miren Ustarroz eskultoreak jaso zuen txanda eta haren obrak erakutsi zuen. Berak emandako txandaren bidez, Maritxu Intxausti donostiarraren bidez iritsi zaio lekukoa Olatz Aldasoro etxarriarrari. Bera aritu da egun hauetan bere lana jendaurrean ematen.

Aldasorok esan digunez, “artista hitza bera arrotza egiten zaienei ere bere lanaren aitortza egiteko balio dezake txanda pasa honek. Pixka bat artista sentitzeko”. Pintura edo eskulturaz aparte bestelako arte adierazpenetarako ere erakusleiho ederra dela uste du Aldasorok. Sortutako Interneteko katea sortzaileak batzeko bide bat izan litekeela aipatu du etxarriarrak. Aldasorok Anaitz Igoa, Kitz Mendiola eta Laida Aldazi luzatu die txanda. Itziar Nazabalek beste alde batetik ere jasoa du. Bitartean jarraitzaileen iruzkinak irakurtzeko aukera ere badute txandakako egileek.