Asteazken arratsaldean ostiralean Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatuko den Binakako partidarako material aukeraketa egin zen. Oinatz Bengoetxeak eta Untoriak aukeratu zuten lehenengo, eta Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak ondoren. Haien inguruan zeuden Asegarceko intendente Roberto Garcia Ariño eta Ruben Beloki teknikaria eta Aspeko Inaxio Errandonea teknikaria, besteak beste. Jakina, ez zen faltatu horren beste urtez Ezkurdiaren entrenatzaile izandako Lino Arruti.
Pilota sosoak
Asegarceko bikoak 104, 104,5 eta 104,6 gramoko pilotak hautatu zituen, eta Aspekoak 105,5, 106,8 eta 105,5 gramokoak. Hala ere, sakandarrek ez zuten bilatzen zutena aurkitu Juan Mari Juaristi material hautatzaileak aurkeztutako materialean. “Denbora asko eman dugu aukeratzen gustuko-gustuko pilotarik ez dugulako aurkitu. Bi bastante azkar aukeratu ditugu baina ez gara gustura gelditu. Ea ostiralean nola ibiltzen diren” azaldu zuen Joseba Ezkurdiak. “Ez dira motelak, igual pixka bat sosoak. Beraien pilota bat nahiko polita zen baina beste biak igual motelegi samarrak. Uste dut 10 pilotak nahiko sosoak direla”.
Burunda pilotalekua “frontoi ona baina zaila” dela esan zuen Zabaletak. “Ezker paretan extrañoak egiten ditu eta frontisean ere, baina frontoi beroa dago, partida jokatzeko ongi. Ea ostiralean zer moduz joaten den” gaineratu zuen etxarrendarrak. Dena irabazten hasi ondoren eta azken bi partidak galdu eta gero zein sentsazio dituzten galdetuta, Ezkurdiak azaldu zuenez “sentsazioak aldatu dira baina ez zaio hainbeste bueltarik eman behar. Bagenekien momentu hau iritsiko zela eta orain ostiraleko partidari begira gaude, partida ahalik eta hobekien prestatu eta irabaztera ateratzeko. Ea zer ateratzen den”.
Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria arerio gogorrak izango direla uste dute. “Untoriak aurreko astean partida izugarria jokatu zuen Zubietaren kontra. Eta Oinatzek astelehenean pilo bat jokatu zuen Tolosan. Partida oso gogorra daukagu irabazteko” nabarmendu zuen Zabaletak. Sakandarrek zortzigarren puntu hori lortu nahi dute. “Gure estrategia zein izango den? Hasierako partidetan bezala, gogoekin atera eta ea zer nolako partida ateratzen den. Ea ostiralean garaipena lortzen dugun” erantzun zuen Zabaletak.
Bi pilotari sakandarrek pilotazale fidelak dituzte atzean. “Iruñera eta asko doaz lagunak. Urrunerago joatea gehiago kostatzen zaie, baina ostiraleko partida hurbil denez, ea jendea frontoira gehiago animatzen den” aipatu zuen Zabaletak. Ea guztion laguntzarekin 8. puntu hori eskuratzen duten sakandarrek.