Gure Udalerrietatik Elikadura Burujabetzaren Aldeko Kartarekin bat egitea erabaki zuen Sakanako Garapen Agentziaren administrazio kontseiluak aho batez ilbeltzaren 29an. Kartan jasotzen diren ekimenak sustatzeko konpromisoa hartu du agentziak. Aldi berean, udalei ekimenaren berri emanen die.
Sakanako garapen agente den Iker Manterolak azaldu digunez, hartutako erabakiak Sakanako Plan Estrategikoarekin bat egiten du: “planeko elikadura arloko ildoetako bat tokiko elikadura sistema baten sustapena da. Eta bere helburua laborantza lanpostuak mantendu edo sortzeko egoera egokiak ahalbidetzea da”.
Ekonomia sozial eta soliadarioari buruzko Zaragozako azaro akaberako kongresutik sortu da Gure Udalerrietatik Elikadura Burujabetzaren Aldeko Karta. Hainbat esperientzietan oinarrituta, ekonomia Sozialeko hainbat eragilek toki administrazioek Karta bere egiteko lan egiten ari dira orain, “ahalik eta zabalena egiteko eta hauteskundeen aurretik herrietan sortzen ari diren proposamen politikoetan txertatzeko, moldatuz edo egokituz; udal politika eraldatzailea izateko”. Agiri horrek “ekonomia eta elikagaiak ekoiztu eta merkaturatzeko modua eraldatzeko udaletatik eragitea” gakotzat jo du.
Elikadura burujabetza eta tokiko nekazal ekonomia sustatzeko udal mailan lantzeko hainbat neurri proposatzen dituen Kartak: herritarretik eta herritarrarendako nekazaritza elikagaien sistema propioak; lurraldearen erabilera sozialaren kudeaketa zuzena; landa eremuan bizi direnei laguntzeko politikak lehenestea; udalen produkzio baliabideak nekazaritza elikagaien sistema berria antolatzeko oinarria izatea; ekonomia sozialeko ekimenen bidez udalak era ugaritan hornituko duen lehen sektoreko sarea osatzea eta, azkenik, jarduera aldaketak balio, kultura aldaketarekin batera egin behar da.