Errigorak (www.errigora.eus) Nafarroako hegoaldeko ekoizleen produktuen laginekin osatutako 12.000 saski banatu zituen udazkenean. Herri ekimenak handik lortutako diruaren puska bat, 151.000 euro, eskualde bereko euskalgintzari bideratu zion. Errigoraren jarduna, ordea, ez da kanpaina horretara mugatzen, herritarren kontsumo ohiturak birplanteatzea baitu helburu, urrunekoen ordez, urte osoan bertoko jakiak kontsumitzearen alde egiten du.
Hala, Eskutik Eskura ekimena martxan du ere. Haren bidez, euskal nekazari eta ekoizleak lagundu nahi dituzte, logika espekulatiboetatik aparte. Kalitatezko produktuak zabalduz, beti ere, ekoizle eta kontsumintzaileendako egokiak diren prezioekin. Hala, otsailean, Nafarroako oliba olioa ekoizleetatik gure etxeetara ekartzeko kanpaina martxan jarri du Errigorak. Maiatzean, berriz, kontserben txanda izanen da. Eskaerak web orriaren bidez edo esku-orriekin egin behar dira.
Sakanan Etxarri Aranatzen eta Altsasun egin daitezke eskaerak. Arakildarrek Larraunen egiteko aukera dute. Eskatutakoa jasotzeko datak ere zehaztuak daude: Etxarrin, estalopean, martxoaren 12an eta 13an, 19:00etatik 20:00etara; Altsasun, Biltoki tabernan, egun beretan, 11:00etatik 22:00etara eta, Larraunen, udaleko kontsumo taldearen gelan, aipatu egunetan, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Euskal Herriko 50 herri edo hiritan eginen du aurten Errigorak olioaren kanpaina, joan den urtean baino 20 gehiagotan. Beraz, banatutako 30.000 litroen marka gaindituko dela pentsatzekoa da.