Bi ikertzaile sakandar Zientzia Azokan

Guaixe 2015eko otsailaren 22a

Jesus Razkin Lizarraga, kuxkurtuta, Askatasuna institutuko ikasleei azalpenak ematen.

Zientzia Azokan parte hartuko duten gazte taldeei euren proiektuak aurrera eramaten lagundu diete

Elhuyar fundazioak antolatutako Zientzia Azoka 12 eta 18 urte arteko gazteek garatutako proiektuen azoka da; ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera ematen die. Ikerketa-proiektu bat eta proiektu teknologiko bat egin behar dute. Gazteek apirileko larunbat batean Bilboko Plaza Barrian antolatuko den Zientzia Azokako stand banatan aurkeztuko dituzte. Lana egiteko garaian gazteek ikertzaile profesionalen laguntza jasotzen dute.

Euren laguntza emateko prest azaldu diren 117 ikertzaileen artean bi sakandar daude, biak ere Nafarroako Unibertsitate Publikokoak: Jesus Razkin Lizarraga arbizuarra, Kimika Aplikatua Sailekoa, eta Joseba Aldasoro altsasuarra, natur ingurunearen zientzietakoa. Lehena Burlatako Askatasuna institutuko lau ikaslerekin aritu da. Bigarrena, berriz, Bizkaiko Lauroetako Lauro ikastolakoekin. 162 talde partehartzaileen artean ez dago sakandarrik.