Ibarreko euskaltzale guztiak bihar batzarrera deitu dituzte Sakanako Euskalgintzaren Bilguneak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Herrian Euskaraz-ek. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara begira euskalgintzak Sakana eta Nafarroa mailan dituen premiak zehaztu eta, ondoren, alderdiei jakinarazteko asmoz eginen da bilera.
Bi atal izanen ditu deialdiak. Aurrenekoan Kontseiluaren Nafarroako Mahaiak apirilaren 25erako Iruñeko Anaitasuna kiroldegian antolatu duen ekitaldia aurkeztuko da. “Nafarroan aldaketa giroa dagoela hain maiz entzuten dugun garaiotan, kezkaz ikusten dugu aldaketa baletor gobernu berri bat osa lezaketenek hizkuntza-politikan zer-nolako erabakiak hartuko dituzten”. Nafarroan euskaraz bizitzearen aldeko ekitaldiak, zentzu horretan ere, mugarri izan nahi duela adierazi dute Kontseilutik.
Nafarroako euskalgintzaren elkarlanaren fruitu da apirileko ekitaldia. 2010ean euskalgintzak Nafarroan deitutako manifestazio arrakastatsuaren ondotik elkarlanak segitu du. Kontseilutik gogoratzen dutenez, orduan bezala, gaur egun ere indarrean dira “Nafarroako Gobernuaren euskararen kontrako hizkuntza-politika ankerra, gure erakundeak larri zauritzen dituzten diru-laguntzen urritzea edota D eredua zikindu eta zokoratzeko baliatutako Guardia Zibilaren txostenaren moduko adibideak”. Apirilaren 25eko ekitaldiarekin Kontseiluak “nafarrek haien hizkuntzarekin duten atxikimendu handia eta euskalgintzaren elkarlana” erakutsi nahi ditu.
Sakana
Biharko bileraren bigarren zatian elkartuko direnek ibarrean Sakanako euskalgintzaren premien inguruan hausnartu eta lehentasunak zehaztuko dituzte. Maiatzeko udal hauteskundeak gogoan, lehentasunak Sakanako alderdiei helaraziko dizkiete, “euren programetan eta ildoetan kontuan har ditzaten”.
Sakanako Euskalgintzaren Bilguneak bere aurreneko batzarra azaroaren 15ean egin zuen. Orduko hartan ibarreko euskalgintzak “pairatzen duen egoeraren diagnostikoa” egin zuten. Ondorioetako bat izan zen “gaur egun Sakanan euskalgintzan sektore desberdinetan aktibitate sendoa” dagoela. Baina, aldi berean, “hutsune nabarmen batzuk” agerian utzi zituzten: arloen arteko koordinazio beharra, elkarri buruzko informazio zuzenik eza, batzuetan eskualde ikuspegi falta, Sakanako errealitate jakin batzuen ezagutzarik eza… Horregatik beharrezkotzat jo zuten euskalgintza saretzea eta tarteka, gai zehatzen gaineko lanketa egiteko batzarrak egitea.