Goi tentsioko linearen kontrako plataforma Parlamentuan

Guaixe 2015eko otsailaren 24a

Gaur, 16:30ean, Sustapen Batzordean egitasmoaren egungo egoeraren berri emanen du.

Deikaztelu eta Itsaso Sakanan barna lotuko dituen goi tentsioko linearen kontra dagoen Autopista Elektrikorik Ez! plataformako kideak gaur Nafarroako Parlamentuko Sustapen Batzordeko kideekin elkartuko dira. Egitasmoa gaur egun zertan den, Nafarroako Gobernuak duen jarrera eta 220 udal eta kontzejuk luzatutako babes eskaeraz ariko dira plataformako kideak.

Bestalde, proiektua salatzeko, larunbatean Nafarroako Gobernuaren egoitza parean kontzentrazioa egin zen plataformak deituta. Gogorarazi zuten Espainiako Industria Ministerioaren 2015-2020ko energia plangintzan jasotakoa: Sakana zeharkatzen duten goi tentsioko bi lineak indartu eta 400 kV-eko beste bat eraikiko da. Haien egitekoa estatuan dagoen energia soberakina esportatzea izanen litzateke.

216 toki-erakundek egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dutela azpimarratu dute plataformatik. Horregatik, Nafarroako Gobernuari herri-borondatea errespetatzeko eskatu diote.