Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, beste behin Sakanako Aizkora Eskola antolatu du. Martxoan hasiko da eta izena ematen dutenek asteazkenetan (19:30etik 20:30era) eta larunbatetan (12:00etatik 13:00etara) aizkoraren nondik norakoak ikasteko aukera izanen dute Juanito Erdozia, Juanjo Erdozia eta Goizeder Beltza aizkolari etxarriarrekin.
Eskolaren bitartez bi helburu nagusi bete nahi dira; batetik, aizkora bera bultzatzea eta, bestetik, Sakanan aizkolari harrobi on bat osatzea. Urteak dira Sakanan aizkora eskola antolatzen dela eta asko dira bertatik atera eta egun txapelketetan aritzen diren sakandarrak. Sakanako Aizkora Eskolak aukera polita ematen die aizkora gustuko dutenei eta aizkoran hasteko beharrezkoak diren baliabideak -aizkorak, entrenatzeko tokia, enborrak eta beste -ez dituztenei. Izan ere, aizkoran hastea zaila suertatzen zaie familian edo lagunartean aizkolariak ez dituztenei.
Printzipioz ikastaroa 10 urte eta 25 urte bitarteko neska-mutilei dago zuzendua, baina tokia badago nagusiagoek ere eman dezakete izena. Sakanako Aizkora Eskolak arrakasta handia du. Aurreko urteetan bete egin da aizkora eskolarako zegoen tokia –15 ikasle– eta aurten ere erantzun handia espero da.
Monitoreak
Monitoreak aizkorari lotutako sakandarrak dira: bere garaian aizkolari izandako Juanito Erdozia, tarteka ere enborrera igotzen dena, haren seme Juanjo Erdozia aizkolaria, egun txapelketetan aritzen dena, eta Goizeder Beltza aizkolaria. Etxarri Aranatzen emango dituzte klaseak.
Izena emateko
Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzura jo (948 464 866 telefonoa edo kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoa) martxoaren 6a baino lehen. Prezioa: 55 euro.