Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 2015eko Maria Markotegi sariak deitu ditu. Ikasle sakandarren artean euskarazko sormenari bide eman nahi dio lehiaketak. Ikasleen adina kontuan izanik hiru mailatan banatu da lehiaketa. Lehen Hezkuntzako (LH) aurreneko bi ikasturteak batetik, hurrengo biak bestetik eta, gainontzekoak, azkenik.
Ilustrazioak
LH 1. eta 2. mailetako haurrek Juan Kruz Igarabideren Arkakusoarena ipuina ilustratu beharko dute. LHko 3. eta 4. mailetako ikasleek, berriz, Patxi Zubizarretak egokitutako Errementaria eta deabruak ipuina ilustratu beharko dute. Bai maila bateko zein bestekoek edozein teknika erabili dezakete euren ilustrazioak sortzeko, beti ere, A4 tamainako orriak erabiliz. Bakarka egindako lanak besterik ez dira onartuko, ikasleko bana. Maila bakoitzean launa sari banatuko dira.
Hiru adierazpide
LH 5. eta 6. mailetakoek, DBHkoek, Batxilergokoek eta erdi mailako Heziketa Zikloetakoek komikiak, poesiak edota narrazio laburrak aurkeztu ditzakete lehiaketara. Komikiek orrialde bat eta bost arteko luzera izan beharko dute. Olerkiek 14 eta 40 artean. Narrazioen kasuan, LHkoek orri bat eta hiru arteko lanak aurkeztu ditzakete; DBHkoek bi eta bost artean eta gainontzeko mailetakoek hiru eta zortzi orrialde arteko luzerako lanak aurkeztu beharko dituzte. Maila guztietan gaia librea da. Jakina, lanek originalak eta aurrez saritu gabeak izan behar dute. 24 sari banatuko ditu Euskara Zerbitzuak.
Epea
Lanak plika sistema erabiliz aurkeztu beharko dira. Haiek Mank-en Lakuntzako egoitzan aurkezteko epea martxoaren 31n despedituko da, 15:00etan.