Aldaketa politiko eta soziala martxan dago Sakanan, Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Urte luzez jasaten ari garen ukazio politikak ondorio larriak uzten ari dira gurean: langabeziara, miseriara eta emigraziora bultzatzen duen krisi ekonomikoa; gure ingurunearen biziraupenerako mehatxu larria diren azpiegituren inposizioa, gure hizkuntza eta kulturaren gutxiagotzea; eskubide zibilen aurkako erasoak; konpondu nahi ez duten gatazka politikoaren ondorio mingarriak.
Bai, bizi dugun egoera oso larria da; baina egoeraren gordintasunari ekimen politikoa gure eskuetan hartuz erantzun diogu. Jakin badakigu hasieratik gure herriak behar dituen soluzioak ez direla zerutik etorriko. Jakin badakigu soluzioak gu geuk eraiki behar ditugula, Euskal Herriak ibili behar duela askatasunera eramanen duen bidea. Bertako emakume, gizon eta eragileen arteko elkar-ekintza, sormenerako gaitasuna; etsipenari tarterik utzi gabe lanerako konpromisoa… horiek izan behar dira aldaketa irabazteko lanabesak. Ekin diogu lanari, ilusio eta gogoz beterik, gure buruarengan eta gure herrian konfiantza osoa jarriz.
Aldaketaren bidea ez da batere erraza izango. Indar asko dute oraindik menpekotasunean eta gatazka iraunkorrean Euskal Herria ito nahi duten botereek. Arrazoiaren indarra eta Indarraren arrazoiaren arteko lehia da irabazi beharrekoa. Euskal Herriak beti berarekin izan duen arrazoiari indarra gehitu behar dio orain, herri oso baten aktibaziotik soilik etorriko den indarra.
Une erabakigarriak datoz Sakana, Nafarroa eta Euskal Herri osora. Herri gisa bizirautea zangotrabatzen gaituen Erregimena hilzorian dago; aldaketarako aukera inoiz baino hurbilago atzematen dugu. Une honetan, oso garrantzitsua da aldaketa gauzatzea posible eginen duen bide orri politikoa marraztea; eta bide orri hori egiteko jendarte osoaren babesarekin, indarrarekin kontatzea. EH Bildu-k bide orri komun baterako eskaintza zehatza luzatu dio euskal jendarteari: Euskal Bidea deitu dioguna, hiru oin izango dituen herri gisako eratze prozesurako proposamena. Orain erakutsi behar dugu badagoela Euskal Herrian nahikoa indar erabateko askatasuna irabaztea ekarriko duen ibilbideari ekiteko. Ibilbide honetan, maiatzean izanen diren hauteskundeak mugarri garrantzitsua izanen dira. Eta hauteskunde horiek aldaketaren alde irabazteko, gure indar guztiak askatu behar ditugu gaurtik bertatik. Horregatik deialdi berezia luzatu nahi dizuegu sakandar guztioi martxoaren 7an Barakaldoko BEC-en EH Bilduk eginen duen nazio ekitaldian parte hartzeko. Autobusak aterako dira Sakanatik, animatu BEC lehertuko dugu, aldaketa geldiezina eginen dugu!!