Monitore izan nahi dutenendako oinarrizko ikastaroa

Guaixe 2015eko otsailaren 26a

Igeriketa monitorea haurrei azalpenak ematen. Artxiboa.

Kirol hezkuntzako hastapen ikastaroa antolatu du Mank-ek, apirilean eta maiatzean Altsasun gauzatuko dena

Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Kirol Institutuarekin batera, kirol monitore izan nahi dutenendako oinarrizko ikastaroa antolatu du: Kirol hezkuntzako hastapen ikastaroa. 16 urtetik gora dituzten eta haurren kirol eskoletan dabiltzan edo ibiliko diren begiraleei zuzendua dago, batez ere saskibaloian, futbolean, atletismoan eta pilotan dabiltzanei edo ibiliko direnei.

Ikastaroa apirilaren 18an eta 25ean eta maiatzaren 9an, 16an eta 23an gauzatuko da, 9:00etatik 13:30era, Altsasun. Azken egunean, maiatzaren 23an, azterketa pasa beharko dute izena ematen dutenek. Kirol hezkuntzako hastapen ikastaroa 18 ordukoa izango da, eta ondoren azterketa pasa beharko da. Eta segidan kirol bakoitzeko ikastaro espezifikoa egin beharko da. Ikastaroaren edukiari dagokionez, lau atal nagusitan banatuko da: planifikazioa, irakaskuntza, mugimenduaren analisia eta lesioak eta lehen sorospenak, entrenatzailearen ardura zibila eta elikadura. Lortuko den titulua 1. mailako prestakuntzaren barruan egonen da.  

Izena emateko: martxoak 18
Martxoaren 18a baino lehen Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuan (948 464 866 telefonoan edo kirolak@sakana-mank.com posta elektronikoan). Prezioa: 120-150 euro artean, kirolaren arabera eta ikastaro espezifikoak dituen orduen arabera. Ikastaroak diru-laguntza izanen du.