Ura bere bidean

Guaixe 2015eko otsailaren 26a

Lizarragabengoarako errepidea ur gainean gelditu da gaur.

Atzoko euri jasen ondoren, ubeldeak bere onera bueltatzen ari dira pixkanaka. Atzo Etxarri Aranatzen 74,37 litro metro karratuko neurtu ziren. Botatako euriak ibai eta erreken emariak handitu zituen. Etxarrenen dagoen Arakil ibaiaren emariaren kontrolerako estazioa alerta egoeran egon zen atzo. 340 metro kubiko segundoko neurtu ziren eta 4,5 metroko maila hartu zuen ubeldeak. Irurtzunen Larraun ibaiko kontrol estazioa, berriz, aurre-alerta egoeran egon zen. Larraun ibaiak ia 250 metro kubiko segundoko eraman zituen eta 3,5 metroko maila hartu zuen. Batean eta bestean emariak behera egin du gaur.

Gertaerak
8:13 Lizarrustiko portuan harriak erori ziren.
8:13 Erorketa gehiago Lizarrustiko portuan.
8:55 Uhartetik Irañetarako errepidea itxita, uholdea.
12:25 Arbizu eta Lizarragabengoa arteko errepidea moztuta, uholdea.
13:29 Arruazu eta Lakuntza arteko errepidea moztuta, uholdea.
13:56 Oskiako harrate inguruan errepidea ur azpian.
16:24 Ur baltsak Irurtzun eta Asterain arteko errepidean.
18:43 Akazia bat biltegi baten gainera erori zen Altsasuko geltoki auzoan.