Euskararendako neurri sorta adostuta

Guaixe 2015eko otsailaren 26a

Sakandarren bilerara Nafarroako Kontseiluko eta EHEko ordezkariak etorri ziren.

Sakanako euskalgintzak larunbatean onartutako dekalogoa hauteskundeen aurretik alderdiei helaraziko zaie.

Maiatzean berrituko dira udalak eta haiek euskararen aldeko lanean bitarteko garrantzitsua direla uste dute Sakanako euskaltzaleek. Horregatik, legegintzaldi berrira begira alderdiei proposamen sorta eginen diete, dekalogoa, hurrengo legegintzaldian udalek euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatu eta euskararen aldeko lan eraginkorra egin dezaten.

AEK-ko, Lakuntza eta Etxarriko EHEko, ibarreko ikastoletako, Bierrik fundazioko eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko ordezkariak eta hainbat sakandar elkartu ziren larunbatean. Dekalogoan jasotako neurrien artean daude, esaterako, alderdiei eskatzea euren hautagaiak euskaldunak izatea, udaletan barne erabilera arautzeko euskara planak edota “estrategikoak”  diren helduen alfabetatze eta euskalduntzeari eta euskarazko hedabideei eman beharreko babesa.

Zehaztutako neurriak alderdi politikoei bidaliko dizkiete. Euskaltzaleak nahi duten indarrekin bilera egin eta proposamenak aurkezteko prest azaldu dira. Bilera erronda horretan alderdiek hartutako konpromisoak publiko eginen lituzke ondoren euskaltzaleek.

Deialdi hirukoitza
Oztopoen gainetik, euskaraz biziko gara. Lelo horrekin larunbatean, 17:30ean, Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartzera gonbidatu dute. Korrika Batzordeak. Euskararen aldeko lasterketa martxo akaberan abiatuko da. Hura behar bezala antolatzeko herrietako batzordeetan eta haiek antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute euskaltzaleek. Apirilaren 25a. Egun horretarako Kontseiluaren Nafarroako Mahaiak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian ekitaldia eginen du. Haren aurretik euskaltzale sakandarrek laguntzeko eta egunean bertan Iruñera joateko deia luzatu dute.


Hurrengo bilera
Sakanako Euskalgintzaren Bilgunea apirilaren 11n, larunbatean, 10:30ean Etxarri Aranazko kultur etxean elkartuko da.