Burunda Txirrindularitza Elkarteak txirrindulariak eta zuzendaritza berria aurkeztu ditu

Guaixe 2015eko martxoaren 2a

Oscar Guerrero klubeko presidentearen arabera, urtetik urtera izena emandako txirrindularien kopurua beheruntz doa, eta hori, haren ustetan, egun Sakanan dagoen kirol eskaintza zabalarengatik ari da gertatzen

Larunbatean Burunda Txirrindulari Elkarteak denboraldi berriaren aurkezpena egin zuen Iortia kultur gunean. Bertan, 2015ean arituko diren taldeak aurkeztu eta zuzendaritza berriari harrera egin zitzaion. Ekitaldia 12:15ean hasi zen, klubeko taldeei (La Tasca de Don Josek, Katealdek eta Cafes San Donatok babesturiko promesa, hasiberri, kimu eta haurrak, eta Quesos Albeniz eta Makor-ek babesturiko kadete eta juniorrak) eginiko argazki saioarekin. Eguraldia nahiko petrala izanagatik ere, argazkiak kanpoaldean atera ziren, eta txirrindulari gaztetxoenek, mailot eta kuloteak soinean, ezin izan zituzten hotz imintzioak estali.

37 txirrindulari
Ondoren, 12:45 inguruan, txirrindulari zein zuzendaritza berriko kideen aurkezpena egin zen kultur guneko areto nagusian. Bertan aipatu zenez, aurtengo denboraldian guztira 37 txirrindulari arituko dira Burunda Txirrindulari Elkarteko taldeetan: 23 eskoletan, 6 kadeteetan eta 8 junior mailan. Eskolak entrenatzeaz Ismael Perez eta Gorka Mintegi arduratuko dira, kadeteak Tomas Martinezek entrenatuko ditu, eta juniorren ardura Ion Irigoienek hartuko du. Bestalde, denboraldi honetan klub altsasuarrak antolatuko dituen lasterketak iragarri ziren; eskoletan 5 lasterketa antolatuko dituzte (bana Ziordi, Olazti, Altsasu, Urdiain eta Iturmendin), kadeteetan bakarra, Altsasun, eta cadete eta junior mailan Nafarroako erlojuaren aurkako txapelketak antolatzeaz arduratuko dira, Iturmendin.
Zuzendaritza berriari dagokionez, berau Oscar Guerrerok, Ismael Perezek, Goyo Chamorrok, Miguel Mª Uncillak, Jose Antonio Beguiristainek, Iñaki Lasak, Gorka Mintegik eta Ruben Aramendiak osatzen dute (azken hiru hauek aurreko juntan ibili ziren). Hauek azken urteetan zuzendaritzan ibili direnekiko esker oneko hitzak izan zituzten, klubarengatik egin duten guztia goraipatuz, eta euren ildo beretik jarraitzeko asmoa erakutsi zuten, elkartearen itxura ona mantentzeko helburuarekin.

Mazkiaran
Ekitaldiari klubeko kide guztien (txirrindulari zein zuzendaritzako kide) argazkiarekin eman zitzaion amaiera. Hodei Mazkiaran ere bertan izan zen, Burunda Txirrindulari Elkarteak txirrindulari altsasuarra aukeratu baitu ohorezko babesle gisa. Mazkiaran, besteak beste, bere kirol ibilbideaz, klub altsasuarrean emandako urteez, Londreseko Joko Olinpikoetan bizitako esperientziaz eta Rioko jokoetara joateko duen asmoaz mintzatu zen.

Helburu bakarra: kiroltasuna sustatzea
Aurkezpen ekitaldiaren ostean Oscar Guerrero lehendakari berriak adierazi zuenez, zuzendaritzan sartu diren kide berriek ilusioz gainezka ekiten diote erronka berriari. Honen esanetan, zuzendaritzaren eta, oro har, klubaren helburuak kiroltasuna sustatzea eta gazteek kirol hau gustura praktikatzea izaten jarraitzen du. “Gure kluba gainontzeko klubekiko desberdina da. Gu ez gaude emaitza jakin batzuk lortzera behartuak. Gure funtzioa gazteak heztea eta balioak transmititzea da, eta gainera, emaitza onak lortzen baditugu, primeran, baina badakigu hori ez dela gure helburu nagusia”, gaineratu zuen Guerrerok.
Izena eman duten txirrindularien kopuruari dagokionez, taldeko presidenteak berau beheruntz doala azpimarratu zuen. Honen arabera, duela urte batzuk Sakanan kirol gutxi batzuk praktikatzeko aukera zegoen, eta, horrela, jende askok txirrindularitza praktikatzearen hautua egiten zuen. Orain, baina, kirol eskaintza oso zabala da, eta Guerreroren aburuz, gurasoek nahiago dute euren seme-alabak kirol erosoagoetan jardutea.


Burunda Txirrindularitza Taldea 2015
Eskolak:
Promesak: Ekaitz Perez, Ekiñe Aguirre, June Etxeberria eta Maider Ondarra.
Hasiberriak: Ion Aierbe, Iker Begiristain, Pablo Senosiain, Iker Gomez, Asier Etxeberria, Mikel Regil, Aitor Barandilla, Mikel Lizarraga eta Oier Aguirre.
Kimuak: Julen Guerrero, Ander Villalobos, Mikel Uncilla, Martxel Etxeberria, Oihan Etxeberria eta Ion Chamorro.
Haurrak: Willy Torres, Iker Mintegi, Ion Ander Borrega eta Unai Villalobos.
Entrenatzaileak: Ismael Perez Auzmendi eta Gorka Mintegi Mazorriaga.

Kadeteak: Josu Jaka, Josu Etxeberria, Ailatz Lasa, Oihan Vinagre, Raul Granados eta Odei Zia.
Entrenatzailea: Tomas Martinez Viedma.

Juniorrak: Enero Aramendia, Aritz Irigoyen, Jose Alberto Gimenez, Eneko Vilar, Iosu Gabirondo, Alex Unzilla, Asier Etxeberria eta Xabier Maiza.

Entrenatzailea: Ion Irigoyen Fresneda.