Rural Kutxaren lehen garaipena

Guaixe 2015eko martxoaren 2a

Daniel Lopezek Zumaiako 7. Lasterketa irabazi zuen

Rural Kutxa talde sakandar amateurrak hasiera bikaina eman dio 2015 denboraldiari. Larunbatean elite eta 23 urtez azpikoen lasterketa jokatu zen Zumaian, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. Proba esprintean erabaki zen eta Rural Kutxa taldeko Daniel Lopez izan zen azkarrena, Fundacion Euskadiko Jon Irisarriren aurretik.

Bestetik, igandean hasi zen Lehendakari Txapelketa, 23 urtez azpiko txirrindularien txapelketa, Ereñoko Udala Sari Nagusia lasterketarekin. Baque taldeko Julen Amezketa izan zen irabazlea, helmugara bakarrik heldu eta gero. Bigarrena Rural Kutxako Jonathan Lastra izan zen, 30 segundora, eta hirugarrena talde bereko Iker Azkarate, 33 segundora. Talde sakandarreko Victor Etxeberria izan zen onena Tarteko Helmugetan.

Azanzaren lehen garaipena zuzendari moduan
Jorge Azanzak zuzentzen duen Fundacion Euskadi taldeko Egoitz Fernandezek Murtziako Costa Cálida Itzuliko bigarren etapa irabazi zuen, erlojupekoan Rural Kutxako Carlos Jimenezen aurretik sartu eta gero. Jorge Azanzaren lehen garaipena izan zen, zuzendari moduan, eta kontentu zegoen altsasuarra. “Taldeak bikain lan egin du, eta garaipena sari ederra izan da” adierazi zuen, txirrindulariak zoriondu eta gero.