Zenbatetan adierazten dugu sentitzen dugunaren kontrakoa? Edo zenbatetan estaltzen dugu sentitzen duguna, pentsatzen duguna? Beste pertsonari ezetza ez emateagatik zenbatetan egiten dugu nahi ez duguna? Zenbatetan ez doaz bat sentitzen duguna eta egiten duguna?
Agian besteengandik onartua sentitzeko, agian besteen erantzunari beldur diogulako, gure ingurunean “gaizki ikusia” dagoelako, edo gertatzen zaigunaz kontzientziarik ez dugulako… Arrazoi ugari egon daitezke, baina azken finean, gure barrenaren kontra goaz horrelako jarrerak maiz ditugunean.
Nor bere buruarekin zintzoa izateak, sentitu, pentsatu eta egiten dugunaren artean koherentzia bat izatea eskatzen du. Batzuetan, ingurune eta egoera ezberdinetara moldatu behar dugu, baina horrek ez du esan nahi gure burua baliogabetu behar dugunik. Argi dago, gure beharren eta parte hartzen dugun ingurunearen artean, oreka bat lortu behar dugula, baina gu garena ahaztu gabe.
Nor bere buruarekin zintzo izateak, gure barne esperientzia eta errealitateari uko ez egitea suposatzen du; hau da, sentitu eta bizitzen duguna, den bezala onartzea. Hau askotan zaila egiten zaigu, gure esperientzia beste modu batera izatea nahiko genukeelako.
Bide honetan, beldurrak ere sor daitezke, batzuetan, gure benekotasunari heltzeak, gustuko ez dugunarekin topo egitea eta egoera askori aurre egitea suposatzen duelako: azken finean, gure barne esperientzia eta errealitatearen ardura hartu behar dugulako.
Hala ere, nahiz eta momentu batzuetan zaila izan, gu garenarekin aurrera egiteak, nor bere buruarekin zintzo izateak, ongizatera eramaten gaitu, gure buruarekiko segurtasuna areagotuz.