Euskaraz bizitzeko determinazioa

Guaixe 2015ko mar. 3a, 16:55
Manifestazio burua.

Horixe azaldu zuten larunbatean makina bat euskaltzalek, sakandarrak barne. Espainia eta Frantziako estatu ordezkariek eta Nafarroako Gobernuak euskarazko politikak garatu nahi duten udalei jarritako oztopoak salatu zituzten. Haiek gainditu eta Euskal Herrian euskaraz biziko garela aldarrikatu zuten euskaltzaleek.

Euskarazko Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok estatuen jardunak euskara “arnasarik gabe” utzi nahi dutela salatu zuen. Baina “euskaldunak ez gara kikilduko” gaineratu zuen. Nafarroari dagokionez, Bilbaok adierazi zuenez, “hizkuntza-politikan egiturazko aldaketak gertatzen badira izanen da Nafarroan benetako aldaketa”. Gogora ekarri zuen apirilaren 25ean Kontseiluak aldaketarako gakoak zein izan beharko diren azalduko duela Iruñeko Anaitasunan.