51 langabe gutxiago Altsasuko enplegu bulegoan

Guaixe 2015ko mar. 5a, 11:53

Otsaila akaberan 1.376 sakandar zeuden izena emanda Altsasuko enplegu bulegoan, aurreko hilean baino %3,57 gutxiago. Sakana guztiko datua ezagutzeko Iruñeko zabalgunean izena emana duten arakildarren eta irurtzundarren datuak behar dira. Bestalde, otsailean Altsasuko enplegu bulegoan 418 kontratu sinatu ziren. Haietatik 20 besterik ez ziren mugagabeko kontratuak.

Nafarroa
Ilbeltzarekin alderatuta herrialdean 379 langabe gutxiago (%0,77ko jaitsiera) zeuden otsaila akaberan, 49.049. Joan den urteko otsailarekin alderatuta 4.033 pertsona gutxiago daude izena emanda Nafarroako Enplegu Zerbitzuan (%7,6ko jaitsiera). Haietatik gehienak emakumezkoak dira, 26.207 (%0,05 gehiago); gizonezkoak, berriz, 22.842 dira (%1,69 gutxiago).

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari-kudeatzaile Maria Isabel Garcia Malok nabarmendu duenez, “otsaila normalean langabeziak gora egiten duen hilabetea da. Aurtengo otsailekoa azken zortzi urteetako onena izan da”. Garciak azpimarratu du urte-arteko datuak hamargarren hilabetez jaitsi egin direla, “beherako joera finkatzen ari da” ondorioztatu du.