Haize Berriak banda mezenas bila

Guaixe 2015ko mar. 5a, 19:43

Bandaren orain arteko egitasmo handiena aurrera eramateko herritarren eta enpresen babesaren bila ari da. Emaileek trukean hainbat abantaila izanen dituzte.

Sakanako musika bandak urtero kuota ordaintzen duten bazkideak ditu eta igandean haiei zuzendutako entsegu berezia antolatu zuen. Bandako kide Josu Rubiok esan digunez, “nola lan egiten dugun erakutsi eta gure eta bazkideen artean harreman estuagoa izateko antolatu genuen. Entsegu irekia gauza berria denez, gustuko litzaiekeela pentsatu genuen”.

Iortiara bertaratu ziren guztiak bandak nola lan egiten duen ezagutzeko aukera izan zuten. Baita Joseba Salegi zinema zuzendariak ere. Izan ere, Salegik igandean despeditu zuen bandarekin eginen duen Zatoz, Agur film laburra. Aurten Haize Berriak banda galtzak bete lan ibiltzearen arrazoietako bat filmaketa hori izan da, DVDan argitaratuko dutena. Beste bat udaberrian grabatzeko asmoa duten diskoa da. Eta, azkena, maiatzaren 2an Enrike Zelaia omentzeko Burunda pilotalekuan antolatu duten ikuskizuna. Azken horretaz, Rubiok aurreratu digu “jende asko etorriko da, akordeoi eta txistu arloan kategoriako artistak”. Sorpresak ere iragarri ditu.

Mezenas premia
Rubiok aitortu digunez, “gauza xume eta txikia zena bandaren orain arteko egitasmo handienean bihurtu da; bai aurrekontu aldetik bai pertsonen inplikazio aldetik ere. Horrek dirutza suposatzen du”. Eta aurrekontu handi hori estaltzeko Haize Berriak bandak Nafarroako Mezenasgo Legea baliatzea erabaki du. Nafarroako Gobernuak emandako onura fiskalak eta bandaren opariak jasoko dituzte mezenek. Horren berri eman zien bandak igandeko entsegu irekian izan ziren guztiei.

Euren kabuz eskaera-orriak betetzen moldatzen ez direnei erraztasunak emateko, dirua bandak Caixan duen kontu korrontean sartzeko eskatu die. Kontzeptuaren atalean izenarekin batera telefonoa eman eta hala bandako kideak mezenasarekin harremanetan jarriko lirateke, errenta aitorpeneko itzulketa paperak betetzeko datuak ere eskatuko dizkiote.

Mezenasaren ekarpena     Itzulketa errenta aitorpenean     Bandaren oparia
50 euro                               40 euro                                         CD
100 euro                             80 euro                                          CD+DVD
150 euro                             120 euro                                        CD+DVD+sarrera
+150 euro                           %40ko itzulketa
Enpresak
300 euro arte                       %30eko itzulketa
+300 euro                           %20ko itzulketa


Bandaren hitzorduak
Martxoaren 27an Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin, Altsasun.
Maiatzaren 2an Enrike Zelaiari omenaldia, Altsasun.