Mank-ek euskara ikasleendako diru-laguntza onartu du

Guaixe 2015ko mar. 6a, 08:49
Euskalgintzako taldeendako diru-laguntza deialdia ere egin du Mank-ek.

Joan den urteko gariletik aurtengo garagarrila akabera bitartean euskalduntze edo alfabetatze ikasleek egin ditzakete eskaerak.

Euskara ikasteko ikastaro estentsibo, trinko, barnetegi edo informatika bidezko ikastaroetan izena eman duten sakandarrek diru-laguntza eskatzeko aukera dute. Sakanako Mankomunitateak 25.000 euro bideratuko ditu horretarako.

Interesatuek euren eskaerak Mank-en Lakuntzako egoitzan aurkeztu beharko dituzte, garagartzaroaren 1etik garilaren 30era bitartean. Eskabidearekin batera, nortasun agiriaren kopia, erroldatze ziurtagiria eta euskaltegiak eginiko asistentziaren ziurtagiria (%80 gutxienez) eta matrikularen ordainagiria aurkeztu beharko dituzte. Eskatzaileek, hori bai, Mank-ekin zerga betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Bestalde, Mank-ek helduak euskalduntzen ari diren Sakanako euskaltegiei diru-laguntza emateko deialdia egin du. Horretara 25.000 euro bideratuko ditu. Hiru hileka eskabideak egiteko aukera izanen dute, azken hileko azken egunaren aurretik beti ere. Eskabide osatuarekin batera, emandako ikastaro bakoitzaren ikasketa maila, irakaslea, ikasle kopurua, egutegia eta ordutegia zehaztu beharko dira. Ikastaro bakoitzaren balantze ekonomikoa, ikasleen zerrenda eta beste erakundeetan eskatutako diru-laguntza guztien aitorpena ere.

Euskalgintzarendako deialdia
Mank-ek Sakanako euskalgintzari euskara sustatzeko eta erabilera areagotzeko jardueretan laguntzeko diru-laguntza deialdia ere egina dio. Euskara taldeek eta euskararen normalizazioa helburu duten erakundeek, Sakanakoak edo ibarrean jarduten dutenak, aurkeztu ditzakete eskaerak. Mank-ek 5.000 euro bideratu ditu. Eskabideak Mank-eko Lakuntzako egoitzan hilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira. Eskatzaileek eskabide osatuarekin batera, IFKaren kopia, egin nahi den jardueraren plangintza xehatua, haren sarreren eta gastuen aurrekontua eta beste erakundeei egindako diru-laguntza eskaeren aitorpena aurkeztu beharko dute.