Etxarri, geroz eta liderrago

Guaixe 2015ko mar. 9a, 08:50
Etxarri Aranatz sekulako denboraldia egiten ari da.

Erregional maila. 24. jardunaldia: Ultzama 1 – Etxarri Aranatz 5 / Doneztebe 2 – Altsasu 1

Erregional mailako laugarren multzoko lider jarraitzen du Etxarri Aranatzek. Geroz eta liderrago, gainera, 7 puntu ateratzen baitizkio Arrotxapeari. Aldiz, Altsasu gutxinaka behera egiten ari da eta bederatzigarrena da.

Ultzamaren kontra Berriozarren aritu zen Etxarri Aranatz liderra. 13. minutuan Gentzak Etxarri aurreratu zuen, eta hortik aurrera Ultzama tokean aritu zen eta Etxarri, aldiz, kontraerasoetan saiatu zen. Horrela, atsedenaldirako 1-3 aurreratu zen Etxarri, Gentza, Iñaki eta Markeli esker. Bigarren zatian Ultzamak ez zituen bere gol aukerak baliatu eta Etxarrik, aldiz, ez zuen barkatu. Asierrek eta Markelek sartutako golei esker, 1-5 irabazita itzuli zen etxera Etxarri.

Doneztebetik 2-1 galduta itzuli zen Altsasu. Doneztebek dominatu zuen lehen zatian, eta nahiz eta gol aukerak sortu, ez zuten Altsasuko atean asmatu. Bigarren zatian Altsasuk erantzun zuen eta partidan parez-pare aritu ziren bi taldeak. Dariok Altsasu aurreratu zuen 70. minutuan, baina Doneztebek berehala erantzun zuen eta minutu eskasera berdindu egin zuen. Handik gutxira Donezteberen bigarren gola iritsi zen eta nahiz eta Altsasu saiatu, 3 puntuak Donezteben geratu ziren.

Sailkapenean Etxarri da liderra (56 puntu), 49 puntu ditu Arrotxapea bigarrenak. Altsasu 9.a da, 32 punturekin. Asteburuan Etxarri Aranatzek 17 punturekin 14.a den Mendillorri hartuko du eta Altsasuk 23 punturekin 13.a den Salesianosen kontra jokatuko du Dantzalekun.