Sakandarrak finalerdietan

Guaixe 2015ko mar. 9a, 09:59
Ezkurdia eta Zabaleta finalerdietarako sailkatu dira. Aurretik Zubieta eta Berasaluze sailkatuta zeuden.

Berasaluze-Zubieta sailkatuta zeuden aurretik, baina Ezkurdia-Zabaletak jardunaldi honetan lortu dute finalerdietarako txartela eta sailkapeneko lidergoa

Sailkapena
1.Ezkurdia-Zabaleta: 9 puntu
2.Berasaluze II-Zubieta: 9 puntu
3.Artola-Albisu: 7 puntu
4.Irujo-Barriola: 7 puntu
5.Oinatz-Aretxabaleta: 5 puntu
6.Retegi Bi-Rezusta: 4 puntu
7.Olaizola II-Beroiz: 4 puntu
8.Xala-Merino II: 3 puntu

Binakakoa. 13. jardunaldia
Ezkurdia-Zabaleta / Artola-Albisu (ostiralean, 22:00etan, Zestoan. ETB1)
Irujo-Barriola / Berasaluze II-Zubieta (igandean, 17:00etan, Bilbon. ETB1)
Xala-Merino II / Bengoetxea VI-Aretxabaleta
Olaizola II-Beroiz / Retegi Bi-Rezusta

Helburua lortuta. Binakakoan lehian dabiltzan hiru pilotari sakandarrek finalerdietarako sailkatzea lortu dute. Aurreko astean lortu zuten txartela Berasaluzek eta Aitor Zubietak, eta ostiralean, aldiz, Ezkurdiak eta Zabaletak. Azken hauek, gainera, lidergoa kendu diete Berasaluzeri eta Zubietari. Bi bikoek 9 garaipen dituzte eta hasierako ligaxka despeditzeko bi jardunaldiren faltan, presiorik gabe jokatuko dute baina intentsitate berberarekin, sasoia ez galtzea eta bolada onari eustea oinarrizkoa baita finalerdietara bikain heltzeko.

Ostiralean Munitibarren jokatu zuten Ezkurdiak eta Zabaletak Retegi Bi eta Rezustaren kontra. Partida gogorra izan zen eta sakandarrek lan handia egin eta gogor izerditu behar izan zuten, baina partida 18-22 irabaztea eta finalerdietara sailkatzea lortu zuten. Markagailuan 3-9 aurreratu ziren sakandarrak. Retegi eta Rezusta ez ziren oso eroso aritu, baina ez zuten amore eman eta tarteka bikain atera zitzaizkien gauzak. Zabaletak izugarri jo zuen eta akats gutxi egin zituen. Horrek lasaitasuna eta konfiantza eman zion Ezkurdiari aurrean aritzeko. 17ra berdindu ondoren, sakandarrek zuten guztia eman eta 18-22 irabazi zuten.

Bestalde, Berasaluzek eta Zubietak Xala eta Merino II.a zituzten aurkari Iruñean. Labriten ez zegoen ezer jokoan, lehendabizikoak finalerdietarako sailkatuta baitzeuden eta bigarrenak aukerarik gabe, baina Xalak sekulako erakustaldia eman zuen eta nahiz eta Berasaluze eta Zubieta partida irabazteko faboritoak izan, 22-14 gailendu ziren lekuindarra eta errioxarra. Hasieran Berasaluze eta Zubieta hasi ziren agintzen, 9-3. Baina gauzak okerrenen zituztenean Xala eta Merino hobeto defendatzen hasi ziren eta Berasaluzek eta Zubietak, aldiz, behera egin zuten. Hortik aurrera hasi zen Xalaren erakustaldia. Lapurtarrak agindu zuen aurrean, eta 13 tanto egin zituen guztira. Horrela, orain arte emandako bolada txarra eten zuten. “Ongi hasi gara, baina erlaxatu gara eta garesti ordaindu dugu” adierazi zuen Zubietak partida bukaeran.

Datorrena
Ezkurdiak eta Zabaletak Artola eta Albisu izanen dituzte aurkari ostiralean Zestoan. Artolak eta Albisuk sailkapena dute jokoan, eta nahiz eta sakandarrak sailkatuta egon, ez dute oparirik eman nahiko. Hortaz, lehia estua aurreikusten da. Bestalde, Berasaluzek eta Zubietak mina hartuta dagoen Irujo ordezkatuko duenaren eta Barriolaren aurka jokatuko dute igandean Bilbon. Finalerdietara sailkatzeko irabazi beharrean dauden Irujo eta Barriola eta, hortaz, jardunaldiko beste partida garrantzitsuenetakoa izango da hau.