Arbizuko duatloian izena ematea zabalik

Guaixe 2015ko mar. 24a, 13:01

Larunbatean jokatuko da eta ostegun gauera arte eman daiteke izena www.navarratriatlon.com web orrian

Arbizuko duatloia martxoaren 28an jokatuko da, larunbatean. Goizeko 10:15etik aurrera kategoria txikiendako Arbizuko III. Haur Duatloia egongo da jokoan, aurrebenjaminetatik hasita haurren mailaraino, eta arratsaldez, Arbizuko XIX. Duatloia, helduen proba nagusia. Aurten, nobedade moduan, bi distantzia egongo dira aukeran proba nagusian. Betiko ibilbidea (8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan), eta ibilbide herrikoia (4 km korrikan, 16 km bizikletan eta 2 km korrikan). Erreleboka era parte hartu daiteke.

Izena ematea zabalik dago www.navarratriatlon.com web gunean, Competiciones ataletan sartuta. Kategoria txikikoek dohainik dute izena ematea eta helduek, aldiz, 20 euro federatutakoek eta 26 euro federatu gabekoek. Erreleboka parte hartu nahi dutenek, 40 euro ordaindu beharko dituzte taldeko.