Mozal Legearen gainetik, kazetaritza ez da delitua

Alfredo Alvaro, Maider Betelu eta Amaia Amilibia 2015ko mar. 13a, 08:00

Euskaldunon Egunkariaren aurkako epaiketa bidegabea bertan behera geratu izana ospatu genuen iaz Euskal Herriko gizartearen eta komunikabideen gehiengoak. Baina 2014 amaitu aurretik, gure lanbidearen jardun askea baldintzatzen duen beste kasu batek asaldatu gintuen, eta beste behin, adierazpen askatasunaren alde agertu beharrean gaude. Topatu.info hedabidearen aurkako bidegabekeria eta ildo errepresiboan sakontzera datorren Espainiako Gobernuaren Mozal Legea (gaztelaniaz Ley Mordaza) salatu nahi ditugu.

Legeak kazetarion lanari zuzenki eragingo dio, eta hori ezin dugu onartu. Manifestarien aurkako poliziaren gehiegizko indarraren erabileraren berri ematea, etxe-gabetzeen zuzeneko kontakizuna egitea eta kolegiatu gabeko kazetaritza herritarra delitu bilakatu nahi ditu Mozal Legeak, besteak beste. Arrazoi hauengatik Nazioarteko Zuzenbideak giza eskubide gisa onartutako informatzeko askatasuna murriztuko duela salatu nahi dugu.

PPren gehiengoari esker Espainiako Kongresuan onartu dute Herritarren Segurtasunerako Legea eta Senatuaren onarpena besterik ez du behar indarrean jartzeko. Halere, Euskal Herrian honezkero badugu Mozal Legeari darion ikuspegi murriztailea eta zigortzailearen lehen kaltetua: Topatu.info-ko Iraitz Salegi kazetaria.

2013ko martxoan Ernai gazte antolakundeak Urduñan antolatu zuen Gazte Danbadaren ekitaldi politikoan 7.000 lagun elkartu ziren. Ekitaldi publikoa eta irekia izan bazen ere, horren berri emateagatik inputatu dute Topatu.info hedabide digitaleko kazetari Iraitz Salegi. Euskal Herriko eta Espainiako komunikabide askok eman zuten Urduñako ekitaldiaren berri, baina gure harridurarako, Topatu.info izan da zigortzeko bidean jarri duten hedabide bakarra. Ez dugu ulertzen kazetari bat zigortu nahi izatea zergatik eta bere lana egiteagatik. Terrorismoa goratu izanaz akusatuta Iraitz Salegi kazetariarentzat urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, eta maiatza aldean (data zehaztu gabe dago) epaituko dute terrorismo kasuentzat espresuki sortutako Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Beste hainbat gauzaren artean, gure inguruko ekimen, ekitaldi, istilu, gertakari edo manifestazioen berri ematea kazetarion egitekoa da, eta gure lan publikoa egitea ezin da inolaz ere delitu bilakatu. Mezularia zigortu nahi dute.

Aurrera begira kazetarion lana baldintzatzeko saiakera izan daitekeela uste dugu. Ez gaude prest legearen izenean informazio askatasuna nola desfiguratzen duten kontatzeko. Ez dugu albiste hori eman nahi. Topatu.info-ren aurkako epaiketak gure lanbidea arazo bilakatu nahi du eta guk, kazetariok, gizartearen arazoei irtenbidea bilatzen laguntzeko tresna izan nahi dugu.

Kazetaritza demokraziaren bermeetako bat izanik, askea izango da edo ez da kazetaritzarik, ez demokraziarik izango.

Kazetariok ez gara delitu!