Bi hilabete Nafarroako Gobernuaren erantzunik gabe

Guaixe 2015ko mar. 12a, 15:50
Sakanako Plan Estrategikoa adostu zenekoa.

Sakanako Plan Estrategikoa aurrera eramateko ibarretik egindako bilera eskaera etengabeei ez die erantzun Nafarroako Gobernuak. Kontaktu erronda lehenbailehen hasteko eskatu dio Sakanako Garapen Agentziako administrazio kontseiluak.

Ilbeltzaren 13an Nafarroako Parlamentuko Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Batzordeak Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) aldeko ebazpena onartu zuen, aho batez. Ibarrean egindako lana aitortzearekin batera, plana gauzatzeko Nafarroako Gobernuari esku hartzeko eskatu zitzaion. Duela bi hilabetetik, ia egunero, telefonoz edo e-postaz, SPE sustatu zuten erakundeetako ordezkariak Nafarroako Gobernuarekin hitzordua lotzen saiatu dira, alferrik.

Sakanako Garapen Agentziaren administrazio kontseilutik jakinarazi denez, “plana eraginkorki gauzatzeko kolaborazio beharrean eta elkarrekin baliabideen bilaketan behin eta berri tematuko gara”. Eta gaineratu dute: “ez dugu etsiko, eskualdearen egoera larriak hala eskatzen duelako, gizartearen eta Sakanako udal guztien agindua dugulako, Nafarroako Parlamentuaren aho bateko agindua dagoelako eta, baliabide eskasak izanda ere, gure herrietan hainbat pertsonak pairatzen dituzten zailtasunei aurre egiteko ardura hartu dugulako”.

Administrazio kontseiluko kideek nabarmendu dute SPEk “maila guztietan adostasun zabalak sortzeko gai” izan dela eta ekonomia sustapena ez dela udalen eskumena. Bilera zain dagoen Sakanako ordezkaritza Aitor Karasatorrek, Sakanako Mankomunitateko presidentea, Ruben Goñik, Arakilgo alkatea, eta Garazi Urrestarazuk, Altsasuko alkatea, osatzen dute.

Kronologia laburra
Data         Gertakaria
2008         Finantza krisiaren eraginak Sakana kolpatzen hasi ziren.
2011         Enplegu jasangarria sortzen laguntzeko prozesua abiarazten da Sakanan.
2012-09-12 Nafarroako Gobernuak Sakanako ordezkariei esan zien ibarrean bertan zehazteko egoerari
                  emanen liokeen estrategia.
2014-05-31 Sakanako Plan Estrategikoa onartu zen.
2014-06      Ibarreko udalek SPEri babesa azaldu zioten.
2015-01-13 Nafarroako Parlamentuak SPE babestu zuen.