Gezurra dirudien arren, hemen gaituzue 500 Guaixe astekariaren beste hainbeste ateratzeko apustua mahaigaineratzen! Beste 500 baietz!!

Egunerokotasunean murgilduta ibiltzeak hauxe dakar, egun batean, geratu egiten zara, bista atzera botatzen duzu eta pasatako urteen atzera begirako bidaia egiterakoan barrenak astindu egiten zaizkizula, eta nola ez hasperen batek ihes egiten dizu...  20 urte pasa dira!

Zenbat oroitzapen, beldur, ilusio, artikulu, amets, liburu, apustu, ekintza, argazki, autobus bidaia,  kultur programazio, kronika, elkarrizketa,  elkarretaratze, prentsa ohar... zenbat sentimendu gazi-gozo, garai on eta ez horren onak, afari eta ospakizun, anekdota eta abentura. Idazmakinatik ordenagailura pasa gara, argazkiak errebelatzetik digitalean kupidarik gabeko kliskatzetara jo dugu, tdk zintak erabiltzetik, mp3-ra.

 BIERRIK Kultur Elkarteak, 1994an familia sortu zuen, Guaixe, paperezko seme ipurtarina jaio zen eta bost urte beranduago, Beleixe ahots ozeneko alaba bihurria. Egun, gaztetxo diren honetan, urte bat bete berri duen arreba txikia dute: www.guaixe.eus. Txikia, gogor dator, indartsu. Bere bi aurrekarien trikimailuak ondo ikasita dituela nabaria da eta luzerako gerra emango digula ziurtatzen dizuegu!! KOMUNITATEA du bidelagun eta kide bila dabil, datorren astelehenean duzue elkar ezagutzeko aukera: Etxarri eta Altsasun arratsaldeko 18:00etan, animatzen?

 Azpimarratu nahi ditugu 2012an familia berriz handitu zuten 1.500 senitartekoak, zuek, bai, bazkideak!!  Laguntzaile isilak, fidelak, gure babesle maitakorrak. Eskerrak ematen dizkizuegu bihotzaren erdi-erditik. Banatzaile, zuzentzaile, kolaboratzaile, itzultzaile,... familia benetan ugaria, ibilbide luze honetan zuen guztion laguntza ezinbestekoa izan da indarberriturik aurrera ateratzeko, gogor eta osasuntsu, kritiko eta euskaldun.

20 urtetan gauza asko pasa dira eta guzti horren lekuko izan garen einean, guztiak zuekin konpartitu nahi izan ditugu beti. Euskarazko komunikabide izan gara, gara, eta izango gara!! Etorriko dena datorrela, argi gabiltza, edozertarako gertu, alai eta gogotsu beste 500-i beldurrik ez!!!