Lazkoz eta Lakuntza finalerako txartel bila

Guaixe 2015ko mar. 13a, 16:41

Igandean, 17:30ean, Burlatako kultur etxean Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko da

Gero eta gertuago dago Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Hilaren 28an jokatuko da Elizondon, pilotalekuan. Orduan oholtza gainera igoko diren zortzi bertsolari zein izanen diren jakiteko finalerdiko saio bakarra besterik ez da falta. Hori etzi jokatuko dute Burlatan Aritz Saragueta Iturbe, Miel Mari Elosegi Irurtia, Luzek, Oskar Estanga Ezkurdiak, Saioa Alkaiza Guallarrek, Eneko Lazkoz Martinezek eta Oier Lakuntza Irigoienek. Azken biak dira lehiaketan gelditzen diren bi sakandarrak.

Bi finalerdiko jokatu ondoren, finalerako txartela eskuratu nahi duenak 315 puntu baino gehiago lortu beharko ditu. Maider Ansa Zugarramurdi aurkezle dela, bertsolariek honako lana egin beharko dute: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian eta kartzelako banakako lanean, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta gaia emanda, bi bertso nahi den doinu eta neurrian.