Aldaketa sozialaren garaia dela aldarrikatzeko gonbitea

Guaixe 2015ko mar. 13a, 09:43

Bihar, 17:30ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuko da aldaketa soziala orain! leloa duen manifestazioa. Euskal Herriko Karta Soziala idatzi duten eragileek deitu dute.

Euskal Herriko Karta Soziala hainbat arlotako eragileek idatzi dute eta hura hiru idea nagusitan laburbiltzen dute: bizitzaren jasangarritasuna erdigunean izanen duen gizarte eredua defendatzea; gai ekonomiko, sozial eta lan eremuko erabakiak hartzeko erabateko ahalmena aldarrikatzea eta, azkenik, helburuak lortzeko mobilizazioaren beharrezkotasuna.

Sakanako hainbat eragilek bat egin dute biharko deialdiarekin: Altsasuko mugimendu feminista, , AHT gelditu! elkarlana, 3 Mugak batera, Goi tentsioaren aurkako plataforma, ELA, LAB, Ernai, Pentsionistak Martxan eta Sasoia. Guztiek ere argi dute “inposatzen dizkiguten erabaki politikoek herritarron pobretzea eta prekarietate egoera iraunkortzea” ekarri dutela, “aberastasunaren banaketa bidegabe eta ezberdintasun ekonomiko eta sozialak areagotuz”.

Karta Soziala idatzi dutenek bestelako eredu bat eraikitzeko programa soziala adostu dute. Hark aurrekontu eta politika fiskal eta sozialak aldatzea eskatzen du, batetik. Bestetik, kalitatezko enplegua sortzeko politikak garatzea. Baita jendartearen parte hartzea bermatzea ere, bizitzaren jasangarritasuna eta ongizateari bidea emanez. Azkenik, demokrazia eta eskubide kulturalen defentsa eta konpromisoa berrestea eskatzen dute.