Udalek 34 langabetu kontratatuko dituzte

Guaixe 2015ko mar. 13a, 11:46
Langileak Satrustegin lanean.

Herrietan hainbat lan egiteko kontratatuko dituzte. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen badute ere udalen bizkar dago inbertsioaren pisu handiena.

Sakanako 11 toki entitate aurkeztu dira Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren interes orokorreko edo sozialeko lanak egiteko diru-laguntzen deialdira. Langabezian dauden sakandarrak kontratatuko dituzte udalek eta haiek herrietan hainbat lan eginen dituzte. Diru-laguntzak soldatak ordaintzera bideratzen dira. Nafarroako Gobernuak Europako Gizarte Funtsarekin erdibana finantzatzen dute deialdia.

Sakanan 377.251 euroko inbertsioan eginen da 34 langabetu horiek kontratatzen. Gobernuak 143.745 euroko diru-laguntza emanen du (%38,1). Toki erakundeek 14 proiektu aurrera eraman nahi dituzte aurten. Arakilgo, Arbizuko eta Olatzagutiko udalak izan dira bina proiektu aurkeztu dituzten bakarrak. Lehenak guztira 60.605 euro jasoko ditu. Bigarrenak 16.713 eta, azkenak, 46.567.