Enpresen langile kualifikatu premia, Lanbide Heziketaren prestakuntza eskaintza

Guaixe 2015ko mar. 12a, 19:38

Sakanako enpresetan identifikatu diren langile behar zehatz batzuei erantzuteko prestakuntza ibilbide hastea da hilabete honetan hasiko den ikastaroaren helburua.

Txirbil-harroketako makina eta sistemen prestaketa eta programazioa  gaitasun ziurtagiria eskainiko da Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuan, Altsasun, martxoaren 23tik aurrera. 260 orduko iraupena duen ikastaroak eta 20 ikaslek eman dezakete izena. Sakanako garapen agente Iker Manterolak esan digunez, “gezurra badirudi ere, mekanizatu, tornulari, eta fresatzaile kualifikatuak lortzea zaila suertatzen zaie Sakanako enpresei, baita soldadura desberdinak egiteko gaitasuna duten langileak”.

Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuarekin, Altsasuko Enplegu Bulegoarekin eta LH ikastetxearekin lankidetzan, behar horiek nola ase beharko liratekeen aztertzen ari dira. Eta azterketa horien emaitzetako bat da hilabete honetan eskainiko den ikastaroa. Manterolak Sakanako Plan Estrategikoa ekarri du gogora: “helburu eta lehentasunen artean enpresa eta hezkuntza sistemaren arteko harremanak sortzea agertzen da. Horretarako Sakanako enpresekin bideratzen ari garen  industria dinamizazio proiektuaren barruan, Sakanako enpresen lanpostuen prestakuntza beharrak aztertzen ari gara”.

Informazio gehiago hemen.