Zubieta, ikusgarri

Guaixe 2015ko mar. 16a, 10:02

Berasaluzerekin batera, 22-19 irabazi zieten Altuna III.a-Barriolari. Zubieta-Berasaluze II.a, Ezkurdia-Zabaleta eta Artola-Albisu daude finalerdietarako sailkatuta. Irujo-Barriola eta Oinatz-Aretxabaletaren arteko partidako irabazlea izango da sailkatuko den laugarren bikoa.

Sailkapena
1.Berasaluze II-Zubieta: 10 puntu
2.Ezkurdia-Zabaleta: 9 puntu
3.Artola-Albisu: 8 puntu
4.Irujo-Barriola: 7 puntu
5.Oinatz-Aretxabaleta: 6 puntu
6.Retegi Bi-Rezusta: 4 puntu
7.Olaizola II-Beroiz: 4 puntu
8.Xala-Merino II: 3 puntu

14. jardunaldia
Olaizola II-Beroiz / Ezkurdia-Zabaleta (ostiralean, 22:00etan, Aizarnazabalen. ETB1)
Berasaluze II-Zubieta / Retegi Bi-Rezusta (larunbatean, Arnedon)
Irujo-Barriola / Oinatz-Untoria (larunbatean, Irunen)
Xala-Merino II / Artola-Albisu (igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1)

Binakako Txapelketak azken unera arte emozioari eutsiko dio. Dagoeneko hiru bikotek lortu dute finalerdietara sailkatzea –Berasaluze II-Zubieta, Ezkurdia-Zabaleta eta Artola-Albisu–, baina laugarrena nor izango den asteburuko azken jardunaldian erabakiko da. Izan ere, Berasaluze II-Zubietak 22-19 irabazi zieten Altuna III-Barriolari eta hankaz gora jarri zuten txapelketa.

Ostiralean Artola-Albisuk finalerdietara sailkatzea lortu zuten, Ezkurdiari eta Zabaletari 16-22 irabazi eta gero. Sakandarrak ziren faboritoak, baina Ataungo atzelariak sekulako partida jokatu zuen eta Artola Ezkurdia ekiditen saiatu zen, tantoa despeditzeko. Zabaletak ere maila bikaina eman zuen, baina lehen zatian egin zuen lan handia bigarrenen zatian nabaritu zitzaion. Ezkurdiak lana kendu nahi izan zion, hainbat akats eginez, eta, azkenean, 16-22 galdu zuten sakandarrek.

Zubieta bikain Bilbon
Bilboko Bizkaia pilotalekuak partida erabakior eta ikusgarria hartu zuen igandean. Finalerdietan dauden Berasaluze eta Zubieta batetik, eta finalerdietara sailkatzeko irabazi beharrean zeuden Irujo ordezkatzen duen Altuna III.a eta Barriola bestetik. Partida gogor eta ikusgarria izan zen, bi bikoak irabaztera atera zirelako. Azkenean, Berasaluze eta Zubieta gailendu ziren, 22-19, atzelari etxarriarrak egindako lan ikusgarriari esker hein handi batean. Zubietak partida bikaina egin zuen Barriola dominatu zuen, bigarren zatian bereziki: pilotari altuera eman zion, kantxa bikain estali zuen eta Berasaluzeri pilota bikainak utzi zizkion. Horrela, garaipena ikusgarria lortu zuten.

Gaur hasierako ligaxkako 13. jardunaldiko partida jokatuko da Tolosan. Retegi Bik eta Rezustak Urrutikoetxea eta Beroiz izanen dituzte arerio.

Begiak Irunen
Asteburuan Binakako hasierako ligaxkako 14. eta azken jardunaldia jokatuko da. Ezkurdiak eta Zabaletak Urrutikoetxea eta Beroiz izango dute aurkari. Partidan ez dago ezer jokoan, baina bi bikoek itxura ona eman nahiko dute eta garaipena lortzera aterako dira. Bestalde, Berasaluzek eta Zubietak Retegi Bi eta Rezusta izanen dituzte arerio. Hemen ere ez dago ezer jokoan, baina ligaxka garaipenarekin itxi nahiko dute bi bikoek. Begi guztiak Irunera jarrita egongo dira, Irujok eta Barriolak Oinatzen eta Untoriaren kontra jokatuko dutelako, eta partidako irabazlea finalerdietarako sailkatuko delako.