Jardunaldi borobila Etxarri eta Altsasu taldeendako

Guaixe 2015ko mar. 16a, 15:35
Altsasu eta Etxarri bikain aritu ziren asteburuan.

Erregional maila. 25. jardunaldia: Etxarri Aranatz 2 – Mendillorri 0 / Altsasu 4 – Salesianos 1

Erregional mailan dabiltzan bi talde sakandarrek irabazi egin zuten asteburuan.

Etxarri liderrak Mendillorri hartu zuen San Donato zelaian. Etxarrik gol aukera ugari izan zituen, baina baloiak ez zuen Mendillorriren atean sartu nahi izan. Mendillorriren aukerek ere ez zuten fruiturik izan. Baina bigarren zatian gauzak aldatu ziren. Etxarri hobeto jokatzen hasi zen eta 50. Minutuan Pablok lehen gola sartu zuen, penaltiz. 25 minutu pasa zirenean iritsi zen Etxarriren bigarren gola Xabatek sartutakoa. Nahiz eta Etxarri jokalari bat gutxiagorekin geratu, Aritzek txartel hori bikoitza ikusi zuelako, Etxarrik ez zuen behera egin eta 2-0 irabazi zuen.

Dantzalekuko zaleak ere gustura geratu ziren, Altsasuk eta Salesianosek partida bikaina eskaini zutelako. Hala ere, gauzak ez ziren ongi hasi Altsasurendako, 14. minutuan Salesianos aurreratu baitzen. Baina Altsasuk ongi erantzuten jakin zuen eta atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu zuen Javik. Bigarren zatian Altsasu Salesianosen atera gehiagotan heltzen hasi zen, eta arrisku gehiagorekin. Horrela, 63. minutuan Joelek Altsasuren bigarren gola sartu zuen. 75.ean Javik hirugarren gola sartu zuen eta partida bukatzear zegoela, 90. minutuan Aitorrek Altsasuren laugarrena. Salesianos saiatu zen, baina ezin, eta hiru puntuak Altsasun geratu ziren.

Etxarrik jarraitzen du erregional mailako lider izaten (59 puntu). Altsasu 8.a da, 35 punturekin. Asteburuan Etxarrik atseden jardunaldia du eta sailkapenean laugarrena den San Jorgeren kontra ariko da Altsasu, Iruñean.