Brontzezko Merzero

Guaixe 2015ko mar. 18a, 11:06

Unanuarra Espainiako Beterano 75 Kross Txapelketan hirugarrena izan zen

Asteburuan Espainiako Kross Txapelketak jokatu dira Alcobendasen, hainbat modalitateetan. Tartean, Espainiako Beteranoen Kross Txapelketa jokatu zen (6.250 m). Jose Mari Merzerok ez zuen txapelketan huts egin eta 75 urteko kategorian hirugarrena sailkatu zen (32:31). Hortaz, brontzezko dominarekin etorri zaigu unanuarra Madrildik, kontentu. Sasoiko jarraitzen du Mercerok, maila bikainean.

Izaskun Beunza
Beteranoen probaz gain, Espainiako autonomien arteko Kross Txapelketak eta Indibidualak jokatu ziren. Emakumezkoen maila absolutuan (8.050 m) Izaskun Beunza olaztiarra 79. postuan iritsi zen helmugara (34:10). Autonomiako txapelketan 12.ak sailkatu ziren emakume nafarrak. Ildo honetan, aipagarria da Nafarroako selekzioa maillot edo uniformerik gabe parte hartu zuela Espainiako Txapelketan. Nonbait aurrekontuak ez zuen horretarako ematen.

Sakandarrak Donostian
Igandean XIII. Udaberri Lasterketa jokatu zen Donostian (10 km). 1.469 korrikalarik osatu zuten proba eta Asier Cuevas izan zen azkarrena (31:42). Tartean, Joni Araña 82.a izan zen (37:23), Alatz Agirre 107.a (37:54), Xabier Zabalza 552.a (47:06), Marian Ijurra 714.a (49:21), eta Ana Parache 1122.a (55:13).