Elaide.eus, harremanak euskaraz izateko sare soziala

Guaixe 2015ko mar. 19a, 19:40
Euskaldun taldea Elaide sare sozialak elkartuta.

Elaide, Saretik Plazara sare sozialak, euskaraz badakiten eta ikasten ari diren euskaldunak biltzen ditu, sarean nahiz plazan, euskara eta euskaraz bizitzeko beste aukera bat emanez.

Euskaraz sortu den lehen sare soziala da www.elaide.eus. Zaletasunak eta interesak partekatu daitezke bertan, planak egin, albisteak komentatu… Euskaraz dakitenei eta hizkuntza ikasten ari direnei zuzenduta dago sare soziala. Elaideko kideak euskara ikasi edo landu nahi dutenen bidelagunak dira.

Sare sozial berrian euskaraz bizitzeko eta euskara lantzeko hainbat harreman nahiz baliabide aurkitu daitezke: taldean aritu nahi duenak txaterako eta interesak partekatzeko gunea du; kontsultak edo proposamenak egin daitezke; planak antolatzeko, bestelako beharrak asetzeko edo proiektuak egiteko.

Elaideren plataforma eraikia badago ere, osatzeko sasoian dago oraindik. Udazkenean aurkeztuko dute Euskara Zerbitzua duten Nafarroako hainbat toki entitatek, Sakanako Mankomunitatea barne. Toki erakundeak euskaltegiekin eta Mintzakide programarekin elkarlanean aritu dira eta, orain, herritarrak eta ikasleak elkartu dira Elaideren jendartea eraikitzen hasteko. www.elaide.eus-en sartu eta erabiltzen hasteko gonbitea luzatu dute.