Otsailean 53 langabe gutxiago

Guaixe 2015ko mar. 20a, 12:32
Langileak gasa sartzeko lanean Iturmendin

1.557 sakandar ziren otsaila akaberan lan bila zebiltzana, pasa den urteko otsailean baino 232 gutxiago. Nafarroako populazioaren %3,19 izanik langabeen %3,17 dira sakandarra (0,08ko jaitsiera).

Abendu akaberan 82 langabe gehiago zenbatu zituzten Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Abenduak langabeziak gora egindakoa bi hilabeteetan berdindu da. Izan ere, ilbeltzean 29k opatu zuten lana eta otsailean beste 53k. Otsaileko jaitsiera %3,29koa izan da. Emakumezkoak dira langabetu gehienak, 828 edo %53,18 ( aurreko hilean baino 26 gutxiago). Gizonezko langabeak, berriz, 729 edo %46,82 dira (27 gutxiago).

Adin tarteari dagokionez, 45 urte edo gehiago dutenen adin tartea da handiena: 721 edo %46,31 (23 gutxiago). 25 eta 44 urte bitarteko langabeak 691 ziren, %44,38 (27 gutxiago). 25 urte baino gutxiagoko langabetuak 145 ziren, %9,31 (3 gutxiago).
 
Sektoreka
Langabezian dauden sakandar gehienek, 925ek edo %59,41ek, zerbitzuen sektorean lan egin nahiko lukete (30 gutxiago). Industriarako lan eskatzaileak 397 edo %25,5 ziren (25 gutxiago). Eraikuntza eta lehen sektorean aritzeko eskaerak bere horretan mantendu dira hilabete batetik bestera: 110 (%7,06) eta 39 (%2,5). Azkenik, aurretik lanik egin ez dutenen kopuruak gora egin zuen eta otsaila akaberan 86 ziren, %5,52 (2 gehiago).

Kontratuak
Otsailean sakandarrek 541 kontratu sinatu zituzten, ilbeltzean baino 167 edo %23,58 gutxiago. Gizonezkoek kontratuen %53,42 sinatu zituzten (289, 95 gutxiago). Emakumezkoen sinadura kontratuen %46,58k zuten (252, 72 gutxiago).

Aldi baterako kontratazioa izan zen nagusi otsailean: %95,56 (517 kontratu, 150 gutxiago). Sinatutako kontratuetatik hasieratik mugagabeak %2,59 izan ziren ilbeltzean (14, 16 gutxiago). Otsaileko mugagabe bihurtutako kontratuak %1,85 izan ziren (10, 1 gutxiago). Nafarroan otsailean sinatu ziren 21.794 kontratuetatik %2,48 sakandarrenak ziren.

Langabezia herrika
Herria   Langabetuak  Aldea
Arakil                  49       -5
Irurtzun             159       1
Irañeta                11       -2
Uharte Arakil       54       -2
Arruazu                4         1
Lakuntza             65       -6
Arbizu                 60       -8
Ergoiena             16        0
Etxarri Aranatz  150       -8
Bakaiku              12       -3
Iturmendi           24       -1
Urdiain               29       -1
Altsasu             781     -15
Olatzagutia       117       -6
Ziordia               26        2
Sakana           1.557    -29